Muxikebarri, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro berria udalerrian ikuskizun, arte eszenikoen obrak, zine-emanaldiak eta era askotako ospakizunak antolatzeko azpiegitura nagusia da, eta Getxo Antzoki zaharra ordezkatzen du.
Konplexu berriak, Luis María Uriartek diseinatua, izen berria hartzen du. Izan ere, antzoki bat baino gehiago da; 12.000 m2-ko eremua da, arteen eta kulturaren zerbitzura dagoena, eta lehen mailako ekipamendua duena era askotariko biltzarrak ere hartzeko.
Muxikebarri 100 urtez kulturari zuzendutako orube batean altxatu da. Zentroaren izenaren jatorria udalerriko tradizio toponimikoan oinarritzen da.
Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro berriak hiru entzunareto ditu, erabilera anitzeko hitzaldi-areto bat, atondoak –azoka, biltzar, erakusketak… barne hartzeko galeriak bezala erabili daitezkeenak–, jatetxe bat eta lau edaritegi. Horrez gain, artearen eta kulturgintzaren hainbat eremutako profesionalek goraipatua izan da bere ekipamendu eszenikoa.
Guztira 1.300 besaulki izango ditu, aldi berean erabil daitezkeenak, aretoetan aldi bereko jarduerak egin baitaitezke.
Ereaga Aretoa (Auditorium nagusia). 782 besaulki ditu, neurri handiko eta ertaineko programazioa antolatu ahal izateko: antzerkia, musika klasikoa eta korala, zartzuela, opera, dantza eta abar. Gainera areto horrek baliabide aurreratuak edukiko ditu gaur egun Kultur Etxeak antolatzen dituen Folklore Jaialdia, Abesbatzen Astea, Kontzertu Klasikoak eta horrelako ekitaldiak baldintza eta aukera hobeetan egin ahal izateko. Udalerriko kultur elkarteen hainbat jarduera ere areto horretan ospatuko dira. Auditoriumak orkestra-pezoi altxagarria dauka, eszenaurrea eta besaulki-patioa zabaltzea ahalbidetzen duena, programatutako ekintzaren beharrizanen arabera. Agertoki guztia motorduna da eta neurrira egindako maskor akustikoa dauka.
Arrigunaga Aretoa (erabilera anitzeko aretoa). 266 besaulki barneragarri automatiko ditu eta 769 lagun zutik hartzeko gaitasuna du; horri esker biltzarrak eta abar antolatu ahal izango dira. Osorik zabalduko denean, Barinatxe izena hartuko du. Besaulkiak dituen aretoa denez, formatu txikiko programazioa izango da bertan, gehien bat musikari lotutakoa, pop, rock, blues, jazz… Gazteei zuzendutako ikuskizunak edo ez ohizko gune eszenikoa behar dutenak ere izango dira, egungo dantza eta haurrentzako programazioarekin batera. Era berean areto hori ikerketarako eta hizkuntz eszeniko berrietarako gunea ere izango da, baita hitzaldi edo erakusketetarako aretoa ere. Zine-programazio erregularra eskainiko du (astelehenetik ostegunera), 4k erako zinema-proiektagailu eta Dolby Atmos soinu-inguratzailea dituelako. Bizkaian ezaugarri hauetako areto bakarra da.
Areeta Aretoa (Musika Eskola azpiko aretoa). 218 besaulkiduna, batez ere Musika Eskolak berak erabiltzeko izango da, horrek programaturiko kontzertu eta entzunaldiak barne hartuko baititu. Halaber, bere programazioa zinemaren eskaintzarekin bateratuko du (ostiraletik igandera); zinema jaialdi desberdinetan parte hartzeak dituen beharrizanak ere asetuko ditu gune honek. Era berean, formatu txikiko eta era desberdinetako ikuskizunetarako erabilgarri izango dira, tartean “Getxoko Dantza Eguna”, eta udalerriko elkarteek eta kultur taldeek ere erabili ahal izango dute.
Gorrondatxe Aretoa (erabilpen anitzeko aretoa). 60 lagunentzako tokia dauka eta, besteak beste, hitzaldiak, mintegiak eta abar antolatzeko erabiliko da.