Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: "Gu familia bat gara?".
Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesía bisualaren arteko antzezlana osatu du Metrokoadroka Sormen Kolektiboak.
Fitxa
Metrokoadroka Sormen Laborategia
Oiartzun eta Errenteria/Oreretako artista sare batek sortu zuten 2008an, honako helburu honekin: arte eszenikoetan eta arte plastikoetan proiektuak sortzea, laguntzea eta zabaltzea, betiere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.
Arte plastikoei dagokionez, 2014an Oiartzunen zabaldutako EHUNTZE sormen espazioaren baitan gauzatzen dituzte hainbat proiektu (sormen laborategiak, mikroerrezitaldiak, “21 aulki” arte zikloa...).
Arte eszenikoei dagokionez, performancea, interdiziplinitatea, poesia fisiko-bisuala eta site specific proiektuak izan dira nagusi bere ibilbidean. Honako hauek dira Metrokoadroka Sormen Laborategiaren azken lanak: Bidaide (2021), Andrezaharraren manifestua (2020), Txolarte (2020), Aldarri (2019), Zauri Bolodia (2019), Hugo, nor dada Emmy? (2019), Zanbuia! (2018) eta Miss Karaoke (2017).