Egunkari orri bati sua emanez panderoaren larrua berotu du Mauriziak. Kontu handiz, bizitzak erakutsi baitio beroa ez dela beti goxoa, gehiegi gerturatuz gero, garrek, pasioen antzera, erre egin zaitzaketela.
Albokaren doinua entzuterako, kokotsa altxatu eta bizitza eman dio panderoari, eta biziki mugitzen ari den haren eskuan, esku asko ikusi ditut; milaka emakumeren eskuak une batetik bestera hegan irteteko prest.
Halako batean barne lurrikarak eztanda egin eta Mauriziaren ahotsean entzun ditut beste hainbat ahots. Emakume askoren ahotsak dira, bizi-poza, harrotasuna, indarra, pasioa, alaitasuna erakusten dutenak. Baita beldurra, amorrazioa, askatasun nahia, mina. Emakume haien guztien irrintziak aldi berean direlako algara eta aienea, aldi berean salaketa eta ospakizuna.
Emakumeen ahotsek sorginduta, paparrera eraman dut eskua, saihetsetan kaiolatuta dudan txolarrea saltoka hasi baita, hegan irten nahian. Eta txolarrearen dardarak piztu du nire barrea, eta aldi berean leherrarazi du nire negarra, emakume horien guztien harrotasuna eta pasioa neureak sentitu ditudalako, euren minak eta tristurak bezala.
Ahotsek atximurka egin didate azalean, igurtzi egin dizkidate bizitzak burdina gori-goriz markatu dizkidan orbainak, eta honela agindu didate: altxa kokots hori, begiratu aurrera eta ospatu bizitza, abestu, egiozu barre zorionari eta aurre nahigabeari. Eta orduan, ahots haien guztien artean, neure ahotsa ezagutu dut, eta etengabe mugitzen ari diren milaka esku haien baitan ikusi ditut nireak. Eta orain badakit: Ni naiz Maurizia. Ni ere banaiz Maurizia. Eta haren moduan prest nago plazara irteteko.
Fitxa
Aukeran Dantza Konpainia
Donostian 1997 urtean sortzen da Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez; dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz, pausoak mantsotuz edota deseraikiz.
Hamar ikuskizun sortu eta ekoitzi ditu 20 urteko ibilbide oparo honetan: Sutargi. Izena duen guztia omen da; Bideak, 10. urteurrena; GERNIKA, mihise gaineko dantza; Burnia; Geltokia; Fusioak; Maurizia; eta Aukeran 20 urte (2017), konpainiaren obra nabarmenen ibilbide emozionalean sakontzeko aitzakia aproposa.
Euskal Herriko plaza eta antzokia nagusietan aritu da, baita kanpoko hainbat jaialdi eta herritan ere: Gaztela-Mantxan, Katalunian, Murtzian eta Frantzian, Manresako Fira Mediterranea, Manilan, Argentian, Uruguain, Washingtongo Smithsonian Folklife Festival eta Crystal Fighters talde britaniarrak MTV sarietan eskainitako kontzertuan, besteak beste.
Artista eta talde esanguratsuekin ere elkarlanean aritu eta aritzen da; honako hauekin, esaterako: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Alos Quartet-en Garden diskoaren aurkezpenetan, Oviedoko Campoamor eta Madrilgo Teatros el Canal antzokietan El caserío zarzuelarekin, Xabi Solanoren Ereñotzu ikuskizunean edota Kalakan taldearekin, besteak beste.
2019an proiektu berri bati ekingo diote Aukeranekoek, erronka berezi bat Euskaltzaindiaren 100. urteurrena ospatzeko elkarlanean; Biz hitza, euskara batuaren historia dantzatua, munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatuko du dantzaren bidez.
Harremanetarako
Edu Muruamendiaraz
+(34) 609 102 070
aukeran@hotmail.com
www.aukeran.com
Banaketa
Aitor Narbaiza (Bapo Bapo Produkzioak)
+(34) 609 46 11 34
bapobapoprod@gmail.com
bapobapoprod.wordpress.com