• Facebook
  • Twitter

"Eulalia Abaituaren emakumeak"

Bilbao 2021(e)ko martxoaren 8(e)tik 2021(e)ko apirilaren 23(e)ra
Eduki hau partekatu
  • "Eulalia Abaituaren emakumeak"

Bizkaiko Batzar Nagusiek Eulalia Abaitua Allende-Salazar euskal argazkilaritzaren aitzindariaren emakume argazkiak batzen dituan argazki erakusketea inaugurau dabe. Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) XX. mendearen hasieran emakume bilbotarrak garai haretako Bizkaiko landa eta uri inguruneetan egindako 34 argazki batzen ditu. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordeten diran jatorrizkoen erreprodukzinoak dira, Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioak batutakoak. Erakusketea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

Argazki zaharrek XX. mende hasierako emakumeen munduaren zati bat islatzen dabe. Benetako agertokietan, euren jantzi eta lanbideakaz erretratauak izan diran emakumeak. Imajinau beharrik ez dagon mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egotaldi bati esker argazkigintzaren unibersoan murgildu ahal izan zan, eta bertan, argazkilaritzaren hastapenetan, lanbidea ezagutzeko aukerea izan eban.

Abaituaren familia Bizkaiko Batzar Nagusiei lotuta dago, Castor María Allende-Salazar Urkijo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren biloba izan zalako. Castor izan zan bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolea landatzea agindu ebana (haren argazki bat be badago). Bizkaira itzulita zaletu moduan murgildu zan argazkilaritzan eta ondare parebakoa itzi eban.

Bere lanaren parte handi batean, Abaituak gizarte maila guztietako emakumeak erretratau ebazan. Euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan, jente gitxik egindako bidea egin ebalako; argazkiak, benetako erreportari grafikoa balitz bezala ateraten ebazan. Bere zuri-baltzeko irudiek baztarretan egoan mundu debaluaua, ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dabe.

Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioaren ikerketa eta bilketa lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan gaur inaugurau dan erakusketarako aukeratutako 34 argazkiak Euskal Museoak 1990ean Gure Aurreko Andrak/Mujeres Vascas de Ayer erakusketan argitarau ebazan erreprodukzinoen parte dira.

Bere argazki-lanen izenburuek "Sardineras", "Conchita en Elorrio", "María Costa y Asunción / costureras", "La vieja de Mañaria", "Gitanas Santuchu", "Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea", "Lechera", "Lavanderas en las Arenas"... – emakume uniberso estereotipaua eskaintzen dabe, bere tituluek uniberso konplexuari justizia egiteko balio ez daben arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura bakoak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak batzen ditu. Garai haretan nagusi zan kode burges femeninoagaz kontrastea egiten daben irudiak.

Alkarlana Euskal Museoagaz

Erakusketa hau Batzar Nagusien eta, bilduma hau Bilboko Erakusketa Aretoan martia eta apirila bitartean erakusteko eta, ostean, Abellanedako Enkarterrietako Museora eroateko itzi dauen Euskal Museoaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Erakusketea, bertan dagozan beste hainbat argazkigaz osatuko da.

Modu berean, Euskal Museoak formatu digitalean berrargitaratuko dau Eulalia Abaituaren eta bildumako beste funts batzuen argazkiak dituan "con alma de mujer" ibilbidea. Ibilbide horrek Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra hartzen ditu.


Non