Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Titulartasun Publikoko Espazio Eszenikoen SAREA arautzen duen dekretua onartu du. Arau berri honek ezartzen du sarearen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko esparru egonkorra, eta Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzen ditu.
SAREA 1993an sortu zen, Euskadiko titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetza sustatzeko eta arte eszenikoen eskaintza indartzeko. Dekretuaren helburu nagusia da programazio profesional egonkorra, askotarikoa eta kalitatezkoa bultzatzea, baliabideak optimizatzea eta ikusle berriak erakartzea, lehendik dauden publikoak fidelizatzearekin batera.
Gaur egun, SAREAk 68 espazio eszeniko nagusi biltzen ditu 59 udalerritan, baita programazio osagarria garatzeko beste 19 espazio ere.
Dekretuak zehazten ditu sarean sartzeko baldintzak eta prozedura, baita kide diren espazio eszenikoen betebeharrak ere. Halaber, SAREAren funtzionamendu-organoen osaera eta eginkizunak arautzen ditu: Batzarra, Zuzendaritza Batzordea, Batzorde Artistikoa eta lurralde-batzordeak, besteak beste.
Erakundeen eginkizunak ere zehazten ditu araudiak. Foru-aldundiek dagozkien lurralde-batzordeen koordinazioa eta kudeaketa gidatuko dituzte; udalek eta udal-erakundeek, berriz, beren espazio eszenikoen programazioa garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak bideratuko dituzte.
Gainera, dekretuak ikuskizun gomendatuen katalogoa osatzeko irizpideak eta mekanismoak ezartzen ditu. Batzorde Artistikoak landuko du katalogoa, merkatuan dagoen eskaintza eszenikoa kontuan hartuta eta kalitatea, aniztasuna, gaurkotasuna eta espazioen behar tekniko eta ekonomikoekiko egokitasuna aintzat hartuta. Halaber, Batzorde Artistikoko kideek ikuskizunak baloratzeko eta txostenak egiteko egiten duten lana ekonomikoki konpentsatzeko baldintzak arautzen ditu.
Irailaren 30ean, Getxoko Muxikebarri aretoan, SAREAren 2026-2027 denboraldiaren hasiera-ekitaldia egin zen. Bertan bildu ziren erakundeetako ordezkariak, espazio eszenikoak, konpainiak eta sektoreko profesionalak, sarearen lankidetza-lana eta arte eszenikoen eskaintza partekatzeko. Ekitaldian, ANTZERKIYA! kanpainaren bidez ere eman zitzaion ikusgarritasuna denboraldi berriari.