Beste ahots batzuk entzutea, aukera berriak irudikatzea eta partekatutako esperientzien bidez haztea. Gonbidapen horrekin aurkezten du Beñat Etxeparek 2026-2027 denboraldia, programazio eszenikoa, bitartekaritza eta kultur parte-hartzea errazteko ekintzak uztartuz. Paraíso Púlsar-ek koordinatutako proiektuak Gasteizko Udalaren babesa du, Udal Antzoki Sarearen bidez, baita Vital Fundazioarena eta Eusko Jaurlaritzarena ere, Biargi Sarearen bidez.
“Txikitatik arteekin topo egiteko aukera bermatzen duen hiriak herritarren sentiberatasuna, pentsamendua eta elkarrekin bizitzeko gaitasuna zaintzen ditu”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak. Zentroen erantzunak konpromiso hori islatzen du: 13.000 ikuslek baino gehiagok erreserbatuta dute dagoeneko antzerkira joateko lekua, Gasteizko 60 ikastetxe, okupazio zentro eta eguneko zentroetakoak.
Programazioak Valentziako, Kantabriako eta Kataluniako konpainiak biltzen ditu, lau euskal konpainiarekin batera. Aniztasun hori istorioak kontatzeko eta publikoarekin harremanetan jartzeko moduetan islatzen da: txotxongilo-antzerkiaren iradokitzeko ahalmena, mugimendua eta dantza, diziplina anitzeko proposamen eszenikoak, klasikoen egokitzapenak eta antzerki parte-hartzailea lehen haurtzarorako sortutako lanekin uztartzen dira.
“Eszenari begiratzeko eta hura ezagutzeko modu desberdinak eskaini nahi dizkiogu publikoari, haren jakin-mina eta gertatzen dena interpretatzeko gaitasuna aintzat hartzen dituzten proposamenen bidez”, azaldu du Marta Monfort Udal Antzoki Sareko zuzendariak. Proposamenak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduta daude, baita aniztasun funtzionala duten helduei ere, adin eta eszenara hurbiltzeko modu desberdinetara egokitutako esperientziekin. Jorratzen dituzten gaien artean daude esperimentazioaren bidez mundua ezagutzea, kulturen arteko bizikidetza, dolua eta irudimena lantzearen garrantzia. Programazioak literatura- eta historia-ondarearen irakurketa berriak ere eskaintzen ditu: Kixoteren abenturetatik eta Erromatar Inperioaren unibertsotik Albert Camusen Arrotza eleberriraino; azken hori publikoari epaiketa batean parte hartzeko gonbidapena egiten dion antzerki-esperientzia parte-hartzaile bihurtuta.
Hezkuntzaren esparrutik, Ioritz Iñurrieta Abetxuko Ikastolako zuzendariak esperientzia horien balioa azpimarratu du: “Arte eszenikoek ikasgelan gertatzen dena aberasten dute: ikasleei galderak egiteko, emozioak adierazteko eta berenaz bestelako errealitateetara hurbiltzeko aukera ematen diete. Antzezlan bat elkarrekin ikusteak eta hari buruz hitz egiteak entzuten eta elkarrekin bizitzen ikasten laguntzen digu. Horregatik ematen diogu hainbesteko garrantzia arte eszenikoak eskolaren egunerokoan egoteari”.
Edizio honetan arreta berezia eskaintzen zaie zailtasun handienak dituzten zentroei: Elara antzezlana ikusteko sarreraren %100eko dirulaguntza dute. Gainera, beste proposamen batzuetan parte hartzea mugatu dezaketen zailtasun ekonomiko zehatzei erantzuteko lanean ari da proiektua.
Beñat Etxepare Antzokia erreferentziazko espazioa izanik, Vital Fundazioaren Arkabia gehitzeak aukera berriak eskaintzen dizkio lankidetza horri. “Elkarlanak hiriko kultur baliabideak haietaz gozatzeko zailtasun handienak dituztenengana hurbiltzea ahalbidetzen du”, nabarmendu du Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak.
Bitartekaritza denboraldi osoan dago presente. Ikasgelarako dinamikak prestatzeko irakasleen prestakuntza-saioek jarraitzen dute, baita konpainiekin eta hiriko liburutegiekin batera sortutako eduki osagarriek ere. “Antzerki-esperientzia emanaldia baino lehen hasten da, eta ondoren ere jarraitzen du, irudi batek, emozio batek edo galdera batek ikasgelan lekua aurkitzen duenean”, azaldu du Ander Elorza proiektuaren arduradunak. Familientzako tailerrak ere mantentzen dira, Izaskun Arrue Kulturgunearekin lankidetzan, ikasgelarekin antzerkira joan aurretik antzezlanetan murgiltzeko aukera eskaintzeko.