• Facebook
  • Twitter

Santurtzik Antzerki Jaialdiaren 47. edizioa aurkeztu du:19 ikuskizun eta Euskal Herriko zein Estatuko konpainia garrantzitsu ugari

Eduki hau partekatu
  • Santurtzik Antzerki Jaialdiaren 47. edizioa aurkeztu du:19 ikuskizun eta Euskal Herriko zein Estatuko konpainia garrantzitsu ugari

Santurtziko Antzerki Jaialdia urriaren 31an hasi eta abenduaren 3an amaituko da, eta aurten Euskal Herrian lehenengoz aurkezten diren zazpi antzezlan ekarriko ditu.

Santurtzin ia dena dago prest Antzerki Jaialdiaren edizio berria abian jartzeko, udalerriko kultura-hitzordu garrantzitsuenetako bat da eta. Aurten, 47. edizioan, 19 ikuskizunez osatutako programazioa eskainiko da, euretako zazpi lehenengoz egongo dira ikusgai Euskal Herrian. Jaialdia urriaren 31tik abenduaren 3ra bitartean egingo da, eta, hilabete luze horretan, Serantes Kultur Aretoa herritarren eta eszena-sorkuntzaren arteko topagune bihurtuko du.

Itziar Carrocera Santurtziko alkateak, programazioaren aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kiroleko foru-diputatuaz lagunduta, kalitatezko kultura-programazioa izatearen garrantzia azpimarratu du, herritar guztien esku egongo dena.

“Kultura Santurtziren identitatearen parte da, eta, horrez gain, gizarte aktibo, kritiko eta kohesionatuagoa eraikitzeko oinarrizko tresna. Udaletik kultura herritarrengandik gertu egotea nahi dugu, hura gozatzeko aukera izan, proposamen berriak ezagutu eta kultura-espazioak herritar guztientzako topaguneak direla senti dezaten”.

Ildo horretan, Carrocerak Antzerki Jaialdiaren ibilbidea eta Udalak zein Serantes Kultur Aretoak eszena-arteak Santurtzira gerturatzeko egiten den lana nabarmendu ditu.

“Dagoeneko 47 edizio egin dira. Horrek esan nahi du jaialdi sendoa dugula, baina baita aurrera egiten eta publiko zein sorkuntza ulertzeko modu berrietara egokitzen dakien egitasmoa ere. Gure konpromisoa zera da, Santurtzin kalitatezko ikuskizunak eskaintzen jarraitzea, hainbat proposamendunak, anitzak eta publiko mota ororentzat”.

Bestalde, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kiroleko foru-diputatuak azpimarratu du “Kultura Bizkaiko txoko eta herri guztietan presente egotea gura dogu, eta helburu horregaz egiten dogu lan Bizkaiko Foru Aldunditik: kulturari hegoak emoteko eta publikoari kalidadezko proposamenak gerturatzeko”.

Eta, horregaz batera, tokiko talentua be sustetan badogu, ekitaldi benetan borobila daukagu.

Programazio zabal eta aktore onak eta ezagunak oholtzan

47. edizioak entzute handiko aktoreak bilduko ditu, Sergi Lopez, Jose Sacristan, Imanol Arias, Maria Barranco, Anabel Alonso, Joseba Apaolaza, Miriam Gallego, Amaia Lizarralde eta Diana Pla Solina, besteak beste.

Eszena-zuzendaritzan ere izen ezagunak topatuko ditugu, hala nola Claudio Tolcachir, Natalia Menéndez, María Goirizelaia, Juan Carlos Rubio, Juan Carlos Fisher, Heidi Steinhardt, Roger Bernat eta Garbi Losada

Jaialdiak punta-puntako egileekin lotutako testu eta egokitzapenak eskainiko ditu. Hor topatuko ditugu Jacinto Benavente, Simone de Beauvoir, Alberto Conejero eta Salome Lelouch bezalako idazleen testuetan oinarritutako antzezlanak, estilo, hizkuntza eta ikuspuntu anizdunak eurak.

Proposamen berezietako bat Pina Bausch-en UDABERRIAREN SAGARATZEA (“La consagración de la primavera”) da, zeina azaroaren 29an eskainiko den Roger Bernaten zuzendaritzapean. Dantza-proposamen berritzailea goitik behera. Bertan publikoa izango da protagonista nagusia, eta bai euskaraz eta bai gaztelaniaz hartu ahal izango da parte.

Alkateak hori berori azpimarratu du, “harritu eta publikoaren jakinmina pizteko gai den programazioaren aldeko apustua egin da”.

“Jaialdira datozenek proposamen berriak topatzea nahi dugu, hunkitzeko, barre egiteko, hausnartzeko edo parte hartzeko aukera emango dietenak. Izan ere, antzerkiak beste istorio eta beste errealitate batzuekin lotzen gaituzten esperientziak eskaintzeko gaitasuna dauka, eta gure helburua esperientzia hori herritar guztien esku jartzea da”.

Aitortza Adolfo Fernandezi

Jaialdian une berezi batzuk egongo dira, hala nola Adolfo Fernandez aktore, zuzendari eta sortzaileari egingo zaion omenaldia. Horren bitartez, bere ibilbide osoa eta Serantes Kultur Aretoarekin izandako lotura aitortu nahi dizkiogu. Omenaldia jaialdiaren hasieran egingo da eta ondo merezitako omenaldia izango da, Fernandez estu egon baita Santurtziko kultura-espazioari lotuta.

Programazioan 5 euskal konpainia, Estatuko 13 eta nazioarteko 1 egongo dira. Alderdi horretan ere estilo, genero eta publikoa harritzen eta hunkitzen jakingo duten proposamen aldeko apustu garbia egin da.

Kultura eskuragarri herritar guztientzat

Ohi legez, Udalaren asmoa Antzerki Jaialdia herritar guztien esku jartzea da. Horretarako zenbait bide jarri ditu programazioa errazago eskuratzeko. Serantes Kultur Aretoko bazkideek merkeago lortu ditzakete sarrerak, eta gazteek eta langabeek ere deskontua izango dute, % 50ekoa hain zuzen.

Gainera, bi abonu-mota jarriko dira salgai: bata SKAko bazkideentzat, 120 eurotan, eta bestea, orokorra, 140 eurotan. Abonua, familian ikusteko lanak eta euskarazkoak izan ezik, gainerako 15 lanetarako egongo da erabilgarri.

Azkenik, alkateak herritarrak animatu ditu edizio berri honetan parte hartzeko: “Santurtziar guztiok animatu nahi zaituztet jaialdia zeuen egitera. Kontsultatu programazioa, aukeratu ikuskizunak eta goza itzazue, harritu egingo zaituztete eta. Antzerkiak publikoa behar du eta Santurtzik kultura disfrutatzen, babesten eta bizitzen jakin izan du beti, tradizio luzea du horretan”.

Abonuen eta sarreren salmenta

Abonuak irailaren 30ean, asteazkenarekin, jarriko dira salgai eta txarteldegian beste inon ezin izango dira erosi, denak agortu arte. Banakako sarreren salmenta, berriz, urriaren 1ean, ostegunarekin, hasiko da, 17:30ean, bai txarteldegian eta bai www.serantes.com webgunean.

Aldizkaria? (PDF 1,5MB)

santurtzi.eus

  • DataIrailak 29
  • Gaia Arte eszenikoak