Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako arte eszenikoen, musikaren, literaturaren eta arte plastikoen sustapen eta banaketarako laguntzen deialdia onartu du. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 600.000 euro bideratuko ditu euskal kultur sorkuntzaren sustapena, merkaturatzea, nazioartekotzea eta banaketa bultzatzen dituzten proiektuak laguntzera, haren presentzia merkatu berrietan indartzeko.
Deialdiak arte eszenikoen, musikaren, literaturaren eta arte plastikoen sustapen eta banaketarako lau laguntza-modalitateei eusten die.
2025eko deialdiak 90 kultura-proiektu babestu zituen. Zehazki, 41 arte eszenikoetako proiektuk jaso zuten dirulaguntza —horien artean, Tanttaka edo Hika Teatroa konpainien ekimenek—; 35 musika-proiektuk, Bengo, Bulego, Zetak edo Kai Nakai bezalako artista eta taldeenak; 9 literatura-proiektuk, Elkar Argitaletxea edo Consonni bezalako argitaletxeek sustatutakoak; eta 5 arte plastikoetako proiektuk, CarrerasMugica eta Boga Boga Mariñela galerienak. Laguntza horiei esker, euskal kultur sorkuntzaren proiekzioa indartu da, Euskadin bertan zein nazioartean.