Prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur "Arabako Plazetan" Arabako Kale Arteen Zirkuituaren 2026ko edizioa, zazpigarrena, 41 antzerki, pailazo, dantza eta zirku ikuskizun programatuta. Edizio honetan 28 konpainiak hartuko dute parte, horietako 13 arabarrak, eta maiatzaren amaieratik urrira bitartean jardungo dute lurraldeko zenbait herritan.
Aurkezpenean Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Marta Álvarez Artekaleko idazkari teknikoak eta Idoia Ayestarán Panta Rhei antzerki konpainiako kideek parte hartu dute.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko diputatuaren iritziz, "programa honek gure lurraldean arte eszenikoak hedatzeko zutabe izaten jarraitzen du, antzerkia, zirkua, dantza eta clown Arabako herri guztietara hurbiltzen dituen ibilbide kultural bat finkatuz. Gainera, erakusketa aukera berriak eskaintzen dizkie gure tokiko konpainiei, sorkuntza artistikoa eta herritarren parte hartzea indartuz".
Zirkuitua maiatzaren 29an hasiko da, Ozaetan, eta ekainean eta uztailean jarraituko du Lapuebla de Labarcan, Oyón-Oionen, Trespuentesen, Izarran, Gesaltza Añanan, Elciegon, Eskuernagan, Laguardian eta beste herri batzuetan. Urrian amaituko da, Legution programatutako ikuskizunekin.
Edizio honetan, EKO - Pyrénées de Cirque Europako proiektuaren esparruan bost ikustaldi sartzen dira. Proiektu horren helburua mugaz gaindiko zirkuko aktoreen gaitasunak eta konpetentziak garatzea da, prestakuntza, sorkuntza eta esperimentazioa ikuspegi ekologikoarekin konbinatuz. Emanaldi horiei esker, jendeak proposamen berritzaileez gozatu ahal izango du zirkuaren eremuan.