Etxepare Euskal Institutuak Ça colle au basque egitasmoaren 2026ko programa aurkeztu du martxoaren 30ean, Biarritzen eginiko ekitaldian. Iragan urtean abiatutako egitasmoaren helburua euskara, euskal kultura eta sorkuntza, frantses hizkuntza komun duten lurraldeetan kokatu, indartu eta ikusaraztea da, baita euskal kultur ekosistemarentzat aukera berriak sortzea ere.
Aurkezpen ekitaldia Frantziako Koreografia Zentroaren egoitza den Gare du Midi antzokian izan da, eta bertan izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Biarritzeko Malandain Ballet konpainiako ordezkariak, eta egitasmoa gauzatzeko bidelagun diren zenbait eragile eta kultur sortzaile.
Bigarren sasoia du aurtengoa Ça colle au basque ekimenak, eta 2026an Frantzia, Belgika, eta Quebeceko 15 jaialdi eta programaziotan izango dira euskal sortzaileak. Programak, gainera, interbentzio artistikoak, liburu aurkezpenak, topaketa profesionalak eta bi sorkuntza-egonaldi aurreikusten ditu, bai eta euskarazko literatura frantsesera itzuli eta argitalpena laguntzeko deialdiaren bigarren edizioa ere. Esparru akademikoan, Bordelen, Pauen, Parisen eta Montrealen abian diren euskal ikasketen programei eutsiko zaie, eta katedra berri bat abiatuko da Parisko Sorbonne unibertsitatean, Esther Ferrer artistaren izena eramango duena.