Dejaburen Itzulera antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XXVI. Donostia Antzerki Saria.
Epaimahaiaren iritziz, taldeak Mexikora egindako bidaia kontatzen digun lan irabazleak historia eszenan jartzeko elementu eta lengoaia desberdinak erabiltzen ditu emaitza biribila lortuz. Antzerkia eta zinema uztartzen dituen road movie honetan, objektu eta bideoen erabilera oso originala da. Era berean, abestiak eta musika ere oso landuak dira eta ekarpen handia egiten diote antzezlanari. Lan osoa da, erritmo bizikoa, denboran eta lekuetan atzera-aurrera arin egiten duena eta umorea tresna gisa bikain erabiltzen duena. Horren ondorioz, publikoarekin lortzen duen konexioa erabatekoa da.
Argumentuari dagokionez, umorearen eta erritmoaren eraginez arina dela eman dezakeen arren, gai sakonak ere azaleratzen eta nabarmentzen dira antzezlanean. Euskal sortzaileek bizi duten errealitatea islatzen dute: antzerki konpainia baten krisia, dirulaguntzen afera, aurrera egiteko zailtasunak, sormena eta abar.