• Facebook
  • Twitter

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 50 urte beteko ditu 50 emanaldi baino gehiagoko egitarauarekin

Eduki hau partekatu
  • Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 50 urte beteko ditu 50 emanaldi baino gehiagoko egitarauarekin

  • Sarreren salmenta irailaren 16an hasiko da ohiko kanaletan

Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 50. urteurrena ospatuko du aurten. 50 edizio horiek ospatzeko, 50 emanaldi baino gehiago antolatu dira, irailaren 26tik abenduaren 13ra bitartean.

Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak laburbildu duenez, "50. edizio honek ospakizunaren aldeko apustua egin du. Jaialdiak osasun oso ona duela eta beste udazken batez gaurkotasun eszenikoa jasoko duela ospatzearen aldeko apustua egin du. Hala, Felix Petite, Jesus Ibañez de Matauco, Federico García Lorca eta Beñat Etxepare antzokietako agertokietan antzerki, dantza eta bestelako lengoaia artistiko batzuetako konpainia ospetsuak bilduko dira, zuzeneko arteek eta topaketa eszenikoak eskaintzen duten errepikaezintasun hori ospatzen jarraitzeko".

Zehazki, 41 ikuskizun eta 51 emanaldi programatu dira, horien artean tokiko konpainiek eskainitako 12 estreinaldi absolutu, Euskadin lehen aldiz ikusgai izango diren 14 proposamen, Udal Antzoki Sarearekin egindako bi koprodukzio eta Off Lokal deialdiko 8 lan. Nabarmentzekoa da, gainera, urriaren 2an Felix Petiten egingo den inaugurazio-ikuskizuna. Bertan, lan "harrigarri" bat taularatuko dute: Roger Bernatek zuzendutako Pina Bauschen "Udaberriaren sagaratzea". "Jai-giroko proposamena da, parte-hartzailea eta originala, jaialdiaren 50. edizio honen irekiera ospatzeko eta publiko aktibo eta jakin-min handikoarekin partekatzeko egokia. Ikusleek antzerki- eta koreografia-esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera izango dute", azaldu du zinegotziak.

Anabel Alonso, Ernesto Alterio, Vicky Peña, Nathalie Poza, Javi Gutiérrez, Luis Bermejo, Pepe Viyuela eta Ana Rujas antzezleak igoko dira Antzokien Sareko agertokietara besteak beste. Baina zuzendari bikainak ere bilduko ditu ekimenak: Mario Gas, Andrea Jiménez, Sergio Peris-Mencheta, David Serrano eta Cris Blanco, adibidez. Testuei dagokienez, Harold Pinter, Tenesse Williams eta Juan Mayorgaren lanak taularatuko dira, besteak beste.

Jatorriari dagokionez, 17 euskal konpainiak beren proiektuak aurkeztuko dituzte hilabete hauetan eta haietako 9 euskarazko proposamenak izango dira. Bestalde, nazioartetik iritsiko diren konpainiak ere izango dira: Jaialdian aurretik parte hartu izan duten NeedCompany, Wajdi Mouawad eta Family Flöz, eta lehen aldiz bertan izango diren beste batzuk: hala nola Sergio Blanco antzerkigile uruguaitarra, Peeping Tom Belgikako konpainia eta Romina Paula, Argentinako antzerkiko errebelazio berria.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 22
  • Gaia Arte eszenikoak