• Facebook
  • Twitter

Erriberriko 26. Antzerki Jaialdiak 40 emanaldi proposatzen ditu, non musika, dantza, zirkua, performancea edo antzerkia sartzen diren

Eduki hau partekatu
  • Erriberriko 26. Antzerki Jaialdiak 40 emanaldi proposatzen ditu, non musika, dantza, zirkua, performancea edo antzerkia sartzen diren

  • Uztailaren 18tik abuztuaren 3ra, Foru Komunitateko bost herritan ospatuko da jaialdia: Beire, Pitillas, San Martin Unx, Tafalla eta Erriberri
  • Natxo Lapieza eta Rosa Beunza Farmacia Marcial lanarekin, eta Estefanía de Paz Asín "Oscopía: creo con ciencia, creo conciencia" lanarekin dira bi egoitzak garatzeko aukeratutako artistak
  • Bihar, maiatzaren 30a, ostirala, sarrerak salgai jarriko dira

Erriberriko 26. Antzerki Jaialdia uztailaren 18tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da, eta bertan musika, dantza, zirkua, clowna, performancea, ibilaldiak eta antzerkia uztartuko dira, Argentinatik, Frantziatik, Andaluziatik, Gaztela eta Leondik, Madrildik, Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik iritsitako konpainien eskutik.

Guztira, Erriberriko Jaialdiak programatutako 40 emanaldi eskainiko ditu, 27 konpainiaren eskutik. Horietatik 15 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, 9 Nafarroako konpainietakoak dira, 2 euskarazkoak, 3 nazioartekoak eta 3 ikusmen- eta entzumen-urritasuna duten pertsonentzat eskuragarri egongo dira, eta honako zerbitzu hauek izango dituzte: azpititulu egokitua, audiodeskribapena, banakako begizta magnetikoa eta soinu anplifikatua entzungailuekin.

Oraingo honetan, programazioa Tafalla, Beire, San Martin Unx eta, bigarren urtez, Pitillasera zabalduko da. Zuzeneko ikuskizun horiez gain, Erriberrin bi egoitza sortzaile, sei prestakuntza-tailer eta artista eta kazetariekin hiru topaketa egingo dira.

Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, honako leku hauetan egingo da jaialdia: La Cava, Errege Jauregia, Teobaldoen plaza, Karlos III. Noblearen plaza, Enozentrum, Musika plaza eta San Frantziskoko eskola zaharrak, Erriberrin; Kondearen parkea eta Tafalla Kulturgunea, Tafallan; Victoriano Flamarique plaza, Beiren; Elizaren plaza, Pitillasen; eta San Martin de Unx plaza. Horrela, jarduerak espazio publikoetara eramatearen eta jaialdiak Nafarroako lurraldean duen presentzia zabaltzearen aldeko apustua mantentzen da.

Erriberriko Antzerki Jaialdirako sarreren salmenta bihar hasiko da, maiatzaren 30an, bai online, bai leihatila fisikoetan.

Jarraitu irakurtzen


  • DataMaiatzak 29
  • Gaia Arte eszenikoak