Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu galdakoztarren topagune kulturala izaten. Hiru hamarkada hauetan, espazio zirraragarri gisa finkatu da, proposamen ausart eta bereizgarriez gozatu ahal izateko. Eta hori lortu du programazio aberats eta askotarikoari esker, herritar guztien gustuak eta beharrak asetzeko pentsatua.
Horrela, 2024an oroitzapenezko programazioaren lehen zatia amaitu ondoren, Galdakaoko Udalak gaur aurkeztu du bigarren zatia. Hau datorren ostiralean, urtarrilaren 17an, hasi eta ekainaren 13ra arte luzatuko da. Aurkezpenean Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea; Edurne Espilla, Kultura zinegotzia; Katrin Schlegel, Udaleko kultur programatzailea; Enrike Solinis musikaria; eta Luis Orduña, Ines Vaquero eta Andres Conte, Da Capo Musika Bandako zuzendaria eta kideak izan dira.
Edurne Espilla zinegotziak esan duenez, hurrengo sei hilabeteetako programazioak "punta puntako ikuskizunak izango ditu". Hauek denetariko genero eta estilokoak izango direla nabarmendu du, "baina ezaugarri amankomunarekin: kalitatea", ziurtatu du. Izan ere, Espillaren ustez, "Galdakao eta Torrezabalera etortzea apustu segurua bihurtu da". Ildo horretan, joan diren urteurrenaren lehen hiru hilabeteetan galdakoztarrek antzerkiaz, musikaz edo dantzaz "pila bat gozatu" dutela, "gehienetan antzokia betez", adierazi du.
Iñigo Hernando alkateak, bere partetik, "kultura ardatz ezinbestekoa" dela "Galdakaon bizi eta bakoitzak nahi duenarekin disfrutatzeko" esan du. "Horretan egiten dugu lan eta erreferentzialtasun hori inguruan edukitzea oso garrantzitsua da guretzako", aitortu du. Hori lortzeko "zutabe handiena Torrezabal da", eta alkatearen iritziz "kariñoz betetako programazioa osatu da". Gainera "jendearen erantzuna oso ona izaten ari da, eta hori da bidea", zoriondu da alkatea.
Enrique Solinis galdakoztarrak, Euskal Barrok Ensemble taldeko zuzendariak, taldeak sortu duen Euskelele ipuin musikatua aurkeztu du. Donostiako Kursalean eta Bilboko Arriaga Antzokitik pasa eta gero, "orain Galdakaora etortzea zoragarria" dela aitortu du. Bere lana ume eta familiei zuzenduta dago eta "arrakasta handia" edukitzen ari dela ziurtatu du.
Beste aldetik, Da Capo Musika Bandako kideek haientzat ere "oso urte berezia" dela nabarmendu dute. Izan ere, taldearen jaiotzaren 10. urteurrena da aurten eta "kolaborazio interesgarri askoko sasoia" prestatu dute. Torrezabalen, zehazki, hiru kontzertu izango dituzte: bat otsailean, Abraham Cupeirorekin; beste bat martxoan, Celia Davila eta Daniel Lozanorekin; eta azkena maiatzean, haien Printze txikia: bidaia magikoa.
Bukatzeko, Katrin Schlegelek programan guztira 23 ikuskizun egongo direla zehaztu du. Haien artean hurrengo ostiralean izango den "hasiera oso potentea" nabarmendu du: ‘Casting Learekin. Horrez gain, Miñan, El bar nuestro de cada día eta Renata antzezlanak azpimarratu ditu helduentzat, eta Historia de Lana, Alizia lurralde miresgarrian eta Scrooge eta mamuak, umeentzat. Gainera, Ana Goitiaren Katana eta Antxon Telleriaren Ninini bakarrizketak nabarmendu ditu, baita, musikaren aldetik, Anariren eta Gorka Urbizuren kontzertuak ere. Azken honek Hasiera bat bere bakarreko lehen diskoa aurkeztuko du, "kalitatez betetako eta gozatzeko programazio oso bati amaiera borobila emateko".
Kontsultatu urtarrila eta ekaina bitartean Torrezabalek hartuko duen egitarau osoa