Titirijai, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 42. edizioa abiatuko da hurrengo asteburuan. Bederatzi egunez, 39 emanaldi eskainiko dira; hain zuzen, 18 konpainiak parte hartuko dute, eta 20 lan ezberdin ikusteko aukera izango da. Diziplina anitzeko emanaldiak dira, adin guztietako herritarrei zuzendutakoak: eskuko txotxongiloak, harizkoak, berreskuratutako materialekin egindakoak, giza neurriko gorputz txotxongiloak...
Besteak beste, horien artean dira euskarazko bi antzezlan: Ximurrak, eta Titeres Etcetera konpainia andaluziarrak eskainiko duen Peio eta otsoa. Leire Amonarriz tolosarraren El lagarto baila konpainiak ere Izadi ikuskizuna eskainiko du abenduaren 1ean, igandea, Leidorren. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioa da, elkarrizketarik gabea.
Topic Zentroko aretoetan, Leidor antzokian eta kalean izango dira emanaldiak. Gipuzkoako 8 herritan, berriz, beste 16 emanaldi eskainiko dira.
Ikuskizun guztietarako sarrerak cittolosa.com/titirijai webgunean eta Topic-eko lehiatilan daude salgai.