Azaroaren 1ean hasiko da Euskal Antzerki Topaketen 42. edizioa Azpeitian, Miñan antzezlanarekin, eta azaroaren 24ra arte, hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango da. Ohi bezala, euskaraz izango dira emanaldi guztiak.
Gaur egin dute topaketen aurkezpena, Dinamoa sormen gunean, eta han izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Aitor Larrañaga Kultura batzordeburua, Garazi Lazkano Kulturaz Kooperatibako kidea, Xanti Agirrezabala Azpeitiko antzerki tailerren dinamizatzailea eta aktorea eta Iñaki Ziarrusta Atx Teatroa konpainiako kidea.
Nagore Alkorta alkateak topaketen garrantzia nabarmendu du. "42. aldiz egingo dira aurten. Beti hor dauden gauzei balioa ematea gehiago kostatzen da, baina benetan altxor bat dira Euskal Antzerki Topaketak", esan du. Ohiko helburuei eutsiko zaie aurten ere: euskal antzerkigintza indartzea, taldeak ezagutaraztea, antzerki berriak sortzea eta euskara bultzatzea.
Aurtengo berrikuntzak
Alkortak berak nahiz Aitor Larrañaga Kultura batzordeburuak aurtengo berrikuntza nagusiak aipatu dituzte. Txalo saria ez da urtero ematen, baina aurten bai: Pedro Otaegik jasoko du, azaroaren 2an, Sanagustin kulturgunean egingo den ekitaldian.
Corrado Masacci txotxongilogileak ere azken urtea izango du. Hala, azaroaren 1etik 15era, 45 urtez egindako lanen aukeraketa bat jarriko du erakusgai Betharram aretoan. Corrado Masaccik erretiroa hartuko duen arren, txotxongiloek izango dute presentzia datozen urteetako topaketetan ere, Tolosako Topic zentroak hartuko baitu haren lekukoa. Aurten bertan, azaroaren 9an, gaztetxoentzako txotxongilo tailerra antolatuko du Topicek (sarrera aurrez hartu behar da).
Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean, Sanagustin kulturgunean eta kalean izango dira aurtengo emanaldiak, eta, berrikuntza gisa, San Martin egoitzan ere bai. Azaroaren 11n, Zimurrak lana ikusteko aukera izango dute egoiliarrek.