• Facebook
  • Twitter

Lokatz Loreak: «"Itzal(iko) bagina" ikuskizunean erantzun kolektibo baterako deia egiten dugu, erakutsiz itzal ezberdinak izan arren guztiok gaudela tela beraren atzean»

Eduki hau partekatu
  • Lokatz Loreak: «
    Argazkia: Lanku

Bertsoa oinarritzat duen antzerki-ikuskizuna sortu du Lokatz Loreak sormen-taldeak, barneko eta kanpoko munduen arteko jolas gisa planteatu dutena: Itzal(iko) bagina. Zeharkatu gaituena performatzen. Iraitz Lizarragak zuzendu eta Lankuk ekoitzitaindibidualtasunetik kolektibitaterako bidaia proposatzen du. Umoreari leku eginez, lotsaz, lehiaz eta gorputzaz hitz egiten du, eta koloreak eta itzal-jokoak baliatzen ditu horretarako. Udako atsedenaldiaren ondoren, irailetik aurrera berriro aretoetan izatea espero dute Janire Arrizabalagak, Izaro Bilbaok eta Araitz Katarainek. Beraiekin hitz egin dugu.


Nork osatzen du Lokatz Loreak sormen-taldea? Zer asmorekin jaio zen?

Lokatz Loreak sormen-taldea Janire Arrizabalagak, Araitz Katarainek eta Izaro Bilbaok osatzen dugu, hiru neska gazte sortzaile eta, batez ere, bertsolarik. Hirurok oso ezberdinak gara gure horretan, eta, bakoitzak bere izaeratik asko eskaintzen badio ere, kolektibo hau osotasun gisa ulertzen dugu, ez hiru pertsonak osaturiko talde gisa bakarrik.

Orain oso argi ikusten ditugu gauzak, baina esan beharra dago sortu zenean ez ginela horren kontziente zer eraikitzen ari ginen, oso era naturalean suertatu baitzen. Beti aipatu izan dugu "norbere tokia" aurkitzearen ideia, eta, egia esan, hortik sortu zen talde hau; leku baten beharretik eta besteei horrelako zerbait eskaintzeko nahitik.

(Argazkia: Unai Mateo | Iturria: Loraldia)


Itzal(iko) bagina. Zeharkatu gaituena performatzen du izena zuen proiektu berriak. Nola sortu zen ideia? Zer kontatu nahi izan duzue?

Agian askorentzat bitxia izango bada ere, izena amaieran etorri zen zerbait izan zen. Proiektua, berez, Lankuk gure alde eginiko apustu batetik dator, beraiek eskaini baitziguten zerbait egiteko proposamena eta, batez ere, babesa. Proposamena onartu ondoren, gidoia osatzeari ekin genion, eta, behin hori biribilduta, izena etorri zen. Hori, bai, oso argi geneukan "itzal" hitzaren beharrezkotasuna, antzerkiaren funtsa baita argi-itzalekin egiten den jokoa.

Dikotomia hori baliatuz hainbat gai azaleratu nahi ditugu, baina agian nabarmenenak hiru pertsonaiek gorpuzten dituzten lehia, lotsa eta gorputza dira. Nahiz eta hiru bertsolarirengan ikusi, arazo horiek oso ohikoak dira izaera publikoa hartzen duten edozein emakumerengan, eta, horrenbestez, une oro argi utzi nahi dugu zerbait sistematikoa dela eta ez indibiduala; hori da protagonistek izenik ez izatearen arrazoia. Bukaeran, arazoa sistematikoa izanik, erantzun kolektibo baterako deia egiten dugu, erakutsiz itzal ezberdinak izan arren guztiok gaudela tela beraren atzean. Hala ere, azpimarratzekoa da ez dugula inolako irakaspen moralik eman nahi, gu gure bizipenetatik abiatutako zerbait kontatzen ari gara, besteez hitz egiteko era onena dela uste baitugu.

(Argazkia: Unai Mateo | Iturria: Loraldia)


Bertsoaren munduan kokatu duzue ikuskizuna, baina ez du bertsoan zentratzen, baizik identitatearen jiran dabiltzan bizipenetan, jada aurreratu dituzuen hiru ardatzetan oinarrituta: lotsa, lehia eta gorputza. Bertsoz, bertsotik haragoko auziez, beraz. Zergatik hiru horiek?

Bertsoaz ere hitz egiten du, nahiz eta beste edozein diziplinatara ere eraman daitekeen. Gu bertsotik gatoz, eta nahitaez hori da bizi izan duguna. Hala ere, uste dugu beste edozein kirol- edo arte-diziplinatatik datorren edonor ere identifikatuta senti daitekeela. Eta hori da bilatzen duguna. Hiru auzi horiek hautatu ditugu kontatzen dugun prozesu horretan —eskolartekotik helduarora doanean—, oso presente dauden hiru auzi direlako. Gainera, gure bizipenetan oinarritu garenez hein batean, gu zeharkatu gaituzten hiru gai potolo izan dira.

Esan gabe doa pertsonaia bakoitza auzi bat izanagatik ez dela horretara mugatzen: lehia ez da lehia bakarrik, eta elkarrekin nahasten dira, lotsak ere badu lehiatik eta gorputzetik. Bakoitzak rol bat hartu eta muturrera eramaten saiatu gara, oholtzaratzeko garaian hobeto ikus zedin.


Hortaz, pertsonaia bakoitzak ardatz horietako bat irudikatzen du. Nork gorpuzten du zein? Nolakoak dira pertsonaiak? Zer-nolako bilakaera bizi dute antzezlanean zehar? Zer iturritatik edan duzue haiek sortzeko?

Gutako bakoitzak oholtzaratze-prozesuan gugan aurkitu genituen hiru auzion gako bat pertsonifikatzen du: gorputza, lehia eta lotsa. Horietako bakoitza kolore eta objektu bati lotua dago. Araitzek lotsa aurkezten du; Janirek, lehia; eta Izarok, gorputza. Baina antzezlanak berak garamatza hiru horiek zelan nahasten diren ikustera, zelan norberaren arazo indibidualen atzean beti dagoen estruktura bat.

Pertsonaia bakoitza muturrera eramandako nortasun baten erakusle da, antzerkiaren munduko teknikekin Iraitz Lizarragaren eskutik eramandakoa gorputzera, baina guk aurretik gogoeta sakonetatik hitzetara eramana.

Garrantzitsua da ikuskizunaren zentzua ulertzeko buruan izatea pertsonaia horiek ez garela gu. Nahiz era gure bizipen pertsonaletatik asko edan duten eta oso gertukoak sentitzen ditugun, gure bizipenetan zein ingurukoetan daude oinarrituta, oinarrituta besterik ez. Askoz era zabalago batean hartu nahiko genuke pertsonaiaren kontzeptua, mezu nagusia transmititzeko. Helburua jendea haiekin identifikatuta sentitzea da.

(Argazkia: Unai Mateo | Iturria: Loraldia)


Koloreak, objektuak eta itzalak oso garrantzitsuak dira ikuskizunean. Nolakoa izan da hasierako ideiari antzerki-forma ematea? Iraitz Lizarragaren laguntza izan duzue proposamena oholtzara eramateko. Zer eman dio hark lanari?

Hiru kolore dira ikuskizunaren ardatza: gorria, morea eta berdea. Objektuei dagokienez, bestalde, ispilua, domina eta maskara ditugu. Esan bezala, hasiera batean haietako bakoitza gutako bati estuki lotuta doa. Aurrerago dena nahasten da. Garrantzia eman diogu mezua hitzez gain irudiz ere transmititzeari, ikus-entzunezkoak beti izan baitu presentzia handia gure lanetan.

Itzalak sekulako garrantzia du emanaldian. Hiru estruktura zuri indibidual dira atrezzoaren gakoa, eta haien atzean gure itzalak proiektatuko dira. Horrela barne-mundua errepresentatuko dugu, estruktura zuri horiek arrakalatzen joango direlarik.

Antzerki-forma ematea hasieratik helburu bat izan da guretzat, oso presente izan duguna eta erronka legez ezarria. Gorputzak lekua hartzea nahi genuen, bertsolaritzaren molde zurrunetik atera eta bestela aurkeztu oholtzan. Noski, hori lortzeko ezinbestekoa izan da laguntza edukitzea. Iraitz ezagutzea eta zuzendaritzat izatea prozesuaren gauza eder eta beharrezkoenetako bat izan da. Oso eskertuta gaude hirurok bere lanarekin eta gurekin elkarlanean sortu duen giroarekin.

(Argazkia: Lanku)


Azken emaitzarekin gustura geratu zarete? Hasieran buruan zeneukatena nahi zenuten bezala islatu ahal izan duzue? Zer deskubritu duzue bidean? 

Bai, bete-betean esango genuke gustura gaudela emaitzarekin. Hasieran buruan geneukanaren oso desberdina da, bai, zail samarra delako aurretik egin gabeko zerbaitetan irudikatzea zure burua. Hori zen nahi genuena. Mezua islatzeko molde orekatu baina indartsua aurkitu dugu Iraitzekin batera. Umoreari ere espazio handia eman diogu, gidoiak sortu zen unean zuen tonu dramatikotik urrunduz.

Hori guztia lortzea pertsonalki eta talde moduan izugarri aberastu gaituen bidean fruituak hartzen joatea izan da. Uste dugu helarazi nahi genuena helarazi dugula eta ikusleak barrutik generaman hori jasotzen duela irriz, malkoz zein harriduraz.


Emanaldi baten ostean, ikusle batek idatzi omen zizuen esanez antzezlana ikustean sentitu zuela ez zegoela hain bakarrik. Ez da edozer; mezu ederra da. Uste zenuten bezala funtzionatzen ari da ikuskizuna? Zer nabarmentzen de jendeak?

Mezu gogorra baina aldi berean ederra da, bai. Ez dugu uste bilatzen duguna berak esandakoarekin baino hobeto definitu daitekeenik: etorri den oro, momentu batez bada ere, hain bakarrik ez sentitzea.

Publikoaren eta herriaren arabera oso desberdina izan da jendearen erantzuna; polita da hori. Aldiro txiste edo egoera ezberdinek egiten dute grazia edo aldiro une desberdinetan hasten dira txaloka; horrek gu geu ere harritzen gaitu. Eta hori horrela, modu desberdinean bizi dugu emanaldi bakoitza. Oro har oso gustura geratu gara orain arte egindakoekin, bakoitza bere forman baina bereziak izan dira denak.

Jendea gehien harritzen duena antzerkian zenbat murgildu garen ikustea izan da, bertsotik zenbat urrundu garen ikustea. Datorren jendeak ez du horrelakorik espero, eta emanaldia bukatuta beti nabarmentzen digute hori.


Emanaldi berriak lotzen ari zarete? Etorkizunera begira, norantz jo nahiko luke Lokatz Loreak sormen-taldeak?

Bai, irailetik aurrera berriro egongo gara Euskal Herriko zenbait txokotako aretoetan, udan deskantsu txiki bat hartu ondoren. Lokatz Loreak ez dugu ulertzen gu hirurok gabe; beraz, jendea eta gu gustura gauden bitartean jarraitzea gustatuko litzaiguke. Lankuk ere izango du zeresanik, noski. Momentuz talde bezala proiektu honetan zentratuko gara, eta aurrera begira zer egin dezakegun buruan izango dugu, sortzeaz behintzat ez gara nekatzen eta.


(2024ko uztailaren 15ean argitaratutako Berezia)

Kulturklik

  • DataUztailak 15
  • Gaia Arte eszenikoak