• Facebook
  • Twitter

38 hitzordu izango dira udaberri honetan Gasteizko Udal Antzoki Sarean

Eduki hau partekatu
  • 38 hitzordu izango dira udaberri honetan Gasteizko Udal Antzoki Sarean

Sarrerak martxoaren 21ean jarriko dira salgai leihatilan, telefonoz eta online

Udal Antzoki Sareko Udaberriko Denboraldia apirilaren 11n hasiko da eta 38 proposamen eskainiko dizkie gasteiztarrei ekainaren 30era arte. Hiru hilabete horietan, besteak beste, antzerkiaz, musikaz, dantzaz eta zirkoaz gozatzeko aukera izango da. "Era guztietako proposamen eszenikoak ikusteko aukera izango dugu formatuari, diziplinei eta helburu diren ikusleei dagokienez, baina denek ezaugarri komuna izango dute: kalitate dramatiko eta artistiko bikaina izango dugu. Ez dugu ahaztu behar gure misioa dela herritar guztiei kalitatezko kultura eszenikorako sarbidea bermatzea", adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Antzerkiari dagokionez, adibidez, Teatro Kamikazek eta Teatro Españolek Vania x Vania lana aurkeztuko dute. Estilo eta ikuspegi desberdinak dituzten bi lanek osatzen duten, baina testu berari bizitza ematen dioten proposamen originala da. Lana Pablo Remónek idatzi zuen eta bera da zuzendaria, eta maiatzaren 10ean eta 11n Javier Cámara buru duen antzezle-zerrenda igoko da agertokira.

Bestalde, Vitoria-Gasteizen izango da Lolita Flores maiatzaren 17an Poncia antzerki-lanarekin. Federico García Lorcaren La Casa de Bernarda Alba liburua oinarritzat hartuta Luis Luquek idatzitako testua da.

Belleza y perdón lanak izen handiko antzezle baten ahotsa eta antzezpena ditu: Asier Etxeandiarena. Aktoreak maiatzaren 31n aurkeztuko du bere album eta ikuskizun berria zuzenean Enrico Bárbarorekin, elkarrekin Mastodonte taldea osatzen duten bikotearekin, batera. Baina antzerki-abonamendu barruan izen handiko beste batzuk ere izango dira: Carlos Hipólito eta José Luis Sacristán, adibidez.

Dantza Hofesh Shechter II Companyren eskutik iritsiko da eta ekainaren 21ean, From England with love lana aurkeztuko du. Ingalaterrari egindako oda moduko bat da, harrotasunez eta paradoxaz betetako mugimenduarekin egindakoa. Ederra bezain konplexua den herrialde haren bihotzera eta arimara egindako begirada da. Gainera, Gasteizko La Intrusa konpainiaren azken lana estreinatuko da denboraldian. Maiatzaren 9an izango da, Moonshotekin.

Denboraldi honetako beste bloke nagusietako bat izango da musikarena. Hala, era askotako aukerak eskainiko dira: Niño de Elchek, adibidez, flamenko garaikidea ekarriko du Principal Antzokira apirilaren 12an. Euskadiko Orkestrak, aldiz, udaberrirako lau ikuskizun proposatuko ditu. Gainera, Principal Antzokian aspalditik ezagutzen duten Gasteizko Udal Musika Bandak itxiko du abonamendua hilabete hauetako azken bi kontzertuekin.

Amaitzeko, Udal Antzoki Sareko programazio guztietan gertatu ohi den moduan, familientzako aukerak eta euskaraz eskainitakoak ere izango dira. Familiei zuzendutakoen artean, adibidez, apirilaren 21ean Nuye zirku eta koreografia ikuskizuna iritsiko da. Ikuskizunak oreka akrobatikoak, bankinak eta jolas ikarioak eskaintzen ditu. Bestalde, euskarazko eskaintzari dagokionez, apirilaren 23an Neomak iritsiko da trikitixa eta panderoa elektronikarekin bateratzen dituen azken lanarekin. Bestalde, Arriaga Antzokiaren Festen lanak euskaraz lantzen du gerora Celebración filma bultzatu zuen Thomas Vinterbergen testu bat. Hain zuzen ere, egileak zinemaren munduan iraultza eragin zuen lan horrekin 1988an. Proiektuaren zuzendaria María Goiricelaya izan da eta Lucía Astigarragarekin batera egin du egokitzapena.

Jarraitu irakurtzen


  • DataMartxoak 6
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika