Sarea

  • Facebook
  • Twitter

Juan Echanovek, Jandrok, Faemino eta Cansadok eta Yllanak Eguberri hauetan ikuskizun berriak aurkeztuko dituzte Gasteizen

Eduki hau partekatu
  • Juan Echanovek, Jandrok, Faemino eta Cansadok eta Yllanak Eguberri hauetan ikuskizun berriak aurkeztuko dituzte Gasteizen

Antzokien Udal Sareak 16 kultura-hitzordu antolatu ditu azaroaren 23tik urtarrilaren 8ra bitarte

Gasteizko Udal Antzoki 2022-2023ko Gabonetako denboraldia, azaroaren 23tik urtarrilaren 8ra bitartean hirian egingo dena, aurkeztu du. Egitarauak Juan Echanoveren, Jandroren, Faemino eta Cansadoren eta Yllanaren proposamen berriak jasotzen ditu, besteak beste.

“Guztira, arte eszenikoetako 16 proposamen eskainiko ditugu era askotako lengoaia eta formatuekin. Lengoaia horietako batzuk dira musika, dantza, antzerkia, umorea, magia…”, iragarri du Estibaliz Cantok, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak.

Principal Antzokiko programazioa abenduaren 2an hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertu batekin. Zehatzago esanda, bere abonamenduko laugarren kontzertua eskainiko du Robert Treviñoren zuzendaritzapean: ‘Handiena/ La más grande’. Programa Bruckner-i eta Elkanori eskainiko zaie eta bertan estreinatuko dute Zuriñe F. Gerenabarrena konpositorearen ‘Mundubira Musika bidelagun’ lana.

Abenduaren 10ean, Juan Echanove iritsiko da Ernst Lubistch-en eleberrian oinarritutako ‘Ser o no Ser’ komediarekin. Antzezleak zuzendaria bera, Juan Echanove, Lucía Quintana eta Gabriel Garbisu dira.

Abenduaren 14an, aldiz, Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua eskainiko du Luis Orduñak zuzenduta: ‘Estética sin Fronteras’. Horretarako, Guillermo Pastrana izango du gonbidatutako biolontxelo-jotzaile gisa.

La Dramática Errante konpainiak ‘Yerma’ lanaren euskarazko bertsioa aurkeztuko du abenduaren 15ean. Lorcaren klasiko hori Maria Goiricelayak zuzenduko du eta antzezleak, besteak beste, Ane Pikaza eta Loli Astoreka izango dira.

Gontzal Mendibil Principal Antzokian izango da abenduaren 17an 20 lagun baino gehiagoko taldearekin (dantzariak, musikariak, narratzaileak eta abeslariak). Haiek osatzen dute ‘Hazia, Musikala’ lanaren talde artistikoa. Proposamen horrek Mondragon kooperatiba sortu zuen Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza jasotzen du.

Yllana hirira itzuliko da abenduaren 18an publiko guztientzako proposamen batekin: ‘Trash!’ Umorea, perkusioa eta birziklapena bateratzen dituen ikuskizun horren inspirazio-iturriak Mayumaná edo Toompack konpainiak izan dira besteak beste.

Abenduaren 22an, aldiz, Principalek otsailean gaixotasuna zela eta bertan behera utzi behar izan zuten kontzertua berreskuratuko du. Musika sinfonikoa oinarri duen beste era bateko proposamena da: ‘Neguko Distirak’. Fernando Velásquez da zuzendaria eta Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrieta dira partaideetako bi.

Balleta ere Gabonetan ohiko hitzordua izaten da eta, oraingoan, Gasteizek klasiko baten aldeko apustua egin du: ‘Intxaur-hauskailua’. Petipáren koreografia eta Txaikovskiren musika biltzen ditu Nazioarteko Ballet Klasikoak prestatutako bertsio honek, eta eszenografia ikusgarria Eugeny Gurenko-ren lana da. Abenduaren 23an egongo da ikusgai eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleek hartuko dute parte.

Urtea umore onez amaitzeko, ez dago Faemino eta Cansado umoristen bikotea berriz ikustea baino plan hoberik. Bikoteak hiru funtziotan aurkeztuko du bere proposamen berria, ’17 veces’ abenduaren 28tik 30era bitartean.

Urtarrilean, Gabonetako programazioa beste lau proposamenek osatuko dute. Urtarrilaren 3an, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, EGOk, bere 25. urteurrenean kontzertua aurkeztuko du Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera. Programa Peer Gynt-i, Solozabali, Williams-i eta Sibelius-i eskainita egongo da.

Hurrengo egunean, hilaren 4an, Aitzina Folk Musika Jaialdi Solidarioak (aurtengoa hamargarren edizioa izango da) oso emanaldi berezia eskainiko du Alos quartet taldea zeremonia-maisu duela. Agertokia aurreko urteetan jaialdian izan diren musikari bikainekin partekatuko du: Oreka TX, Amak, Juan Mari Beltran, Xabi Aburruzaga, eta abar.

Izaro izango da Gabonetako programazioko beste artista nagusietako bat. Urtarrilaren 7an Principal Antzokian izango da bere laugarren estudio-lana, ‘Limones de oro’, aurkezteko eta bere errepertorioaren laburpena egiteko.

Amaiera magikoa izango da. Izan ere, Jandrok, Magia Komikoko Espainiako txapeldunak eta telebistako pertsonaia ezagunak, emango dio bukaera bikaina egitarauari. Principal Antzokiak, urtarrilaren 8an, ‘Descabellado’ jasoko du, umorea, efektuak eta trukoak bateratzen dituen ikuskizuna.

Gizarte-etxeak

Azaroaren 23an hasiko da gizarte-etxeetako antzokietan Gabonetako programazioa. Lehenengoa Jesus Ibañez de Matauco antzokian izango da, azaroaren 23an, ‘Koli’rekin. Idazketa Koreografikoko Laborategia da eta Christine Hassid-ek eta Laurent Valera artista plastikoak eskainiko dute.

Abenduaren 16an, bestalde, ‘Mucha Muchacha’ egongo da ikusgai Felix Petite Antzokian. 27ko belaunaldiko emakumeei buruzko dokumentazio-lana izen bereko konpainiak prestatu du.

Eta abenduaren 22an, Jesus Ibañez de Matauco Antzokiak JIM AKTUAL zikloaren beste proposamen bat jasoko du. La Belloch Teatro konpainiak ‘337 Km’ antzeztuko du, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei buruzko argazkia, atsegina eta egunerokotasunez betea. Nestor Goenaga aktore gasteiztarra da bertako protagonista, eta Manuel Benito zuzendaria.

Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.

Programazio hori osatzeko, Udal Antzoki Sareak Principal Antzokia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu. Urtarrilaren 28an gaztelaniaz eta urtarrilaren 29an euskaraz izango dira. Sarrerak azaroaren 22an jarriko dira salgai 3 euroren truke.

2023ko aurrerapena

Udal Antzoki Sarearen zuzendariak, Marta Monfortek, dagoeneko sendotuta dauden bi zikloren 2023rako programazio aurreratu du.

Kontzertu Handiak Zikloak 4 hitzordu eskainiko ditu Principal Antzokian. Hasiera Espainiako piano-jotzaile nagusietako batek, Joaquín Achucarrok, emango dio. Bramhs-en, Listz-en, Chopin-en, Rakhmaninov-en eta Scriabin-en lanak eskainiko ditu martxoaren 9an.

Apirilaren 22an, gasteiztarrek Bilbao Sinfoniettaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. ‘Fables of Mingus’ eskainiko du, harmonikarako eta orkestrarako jazz suite bat, Iker Sánchezen zuzendaritzapean.

Espainiako musika-munduko laukote ezagunenetako bat Principalen izango da maiatzaren 19an: Cuarteto Casals. Aurten, 25. urteurrenarekin lotutako emanaldiak eskaintzen ari da eta ‘El arte de la fuga’ kontzertuarekin iritsiko da (Bach-en, Haydn-en eta Shubert-en lanak).

2023ko Kontzertu Handiak Zikloa ixteko, musika barrokoarekin egingo dugun beste hitzordu bat iritsiko da: Vivaldiren ‘La tempestad’. Nuria Esperterekin batera, Vivaldiren Lau urtaroen sonetoak eskainiko ditu. Kontzertua ekainaren 15ean izango da eta Arcángelo Corelli-ri buruzko programarekin osatuko da.

XXI. Mendeko Famenkoa Zikloari dagokionez, 5 emanaldi bilduko ditu 2023an. Urtarrilaren 28an, Ángeles Toledano iritsiko da, otsailaren 11n, Antonio Reyes, otsailaren 25ean, Manuel Moreno Maya ‘El Pele’, martxoaren 11n, La Macanita, eta martxoaren 25ean, Rocío Márquez. Larunbatetan izango dira, 19:30ean, Jesus Ibañez de Matauco antzokian.

Salmentari buruzko informazioa

Gabonetako programaziorako salmenta azaroaren 22an, asteartean, hasiko da 10:00etatik aurrera ohiko bideetatik.

Kontzertu Handiak Zikloari eta XXI. Mendeko Flamenkoa Zikloari dagokienez, abonamenduak abenduaren 13an jarriko dituzte salgai 10:0etatik aurrera bide guztietatik. Abonamenduak salgai egongo dira abonamenduko lehen kontzertuko egunera arte.

 


  • Gaia Arte eszenikoak
Euskadi, auzolana