Sarea

  • Facebook
  • Twitter

Arriaga Antzokiak aurrerapauso bat eman du bere nazioartekotzean, Europako Antzokien Sare batean integratuz

Eduki hau partekatu
  • Arriaga Antzokiak aurrerapauso bat eman du bere nazioartekotzean, Europako Antzokien Sare batean integratuz

Arriaga Antzokia European Theatre Convention (ETC) sarearen parte den Estatuko lehen antzokia da, eta orain Lisboan egiten ari diren batzarrean parte hartzen ari da.

Arriaga Antzokiak bere nazioarteko profila indartzen du, beraz, eta ateak irekitzen dizkio, bai bere ekoizpen propioak ETCko beste antzoki batzuetara eramateari, bai antzoki horietatik datozen ikuskizunak jasotzeari.

Arriaga Antzokia, Calixto Bieito zuzendari artistikoa buru duela, Lisboan dago une honetan, European Theatre Convention (ETC) Europako antzoki-sarean izena eman eta harekin bat egin ondoren.

ETC batzar bat egiten ari da bertan egunotan (azaroaren 3tik 6ra). Ingelesezko leloa Care da (Zaintza, euskaraz). Leloak zerari egiten dio erreferentzia, kultura-jarduera honela ulertzeari: lankidetza-sareak ehuntzeko eremu bat bezala, hain zuzen ere, arte eszenikoak “zaindu” ahal izateko, ETCn integratutako espazioen arteko loturaren bidez, banaketa-zirkuitu jasangarriak ezarriz edo proiektu jasangarrien aldeko apustua eginez, besteak beste.

Arriaga Antzokiari dagokionez, European Theatre Conventionen integratzeak urrats bat gehiago ematea dakar, lehen mailako nazioarteko kultura-gune gisa duen posizionamenduan. Helburu hori beti izan da Arriaga Antzokiaren jardueraren oinarrietako bat eta azken urteotan, Calixto Bieito zuzendari artistikoa denetik, areagotu eta indartu egin da.

Gainera, Arriaga Udalaren eskutik doa, izan ere, bertako erreferentziazko antzoki gisa eta, aldi berean, nazioarteko antzoki gisa duen ikuspegia bat baitator Bilboko hiribilduak duen apustu orokorrarekin, zeinaren arabera hiriak kulturalki bere balio eta ezaugarrietan errotuta egon nahi baitu eta, aldi berean, puntakoa izan eta munduari zabalik egon. Azpimarratzekoa da, halaber, Arriagak, apustu hori gauzatzeko, jasangarritasunarekin eta irisgarritasunarekin lotuta dauden alderdiekiko kezka berezia duen sarean integratuz egiten duela, hori horrela baita, bai proiektuak eraikitzerako moduari dagokionez, bai haien garapenari, bai ekoizpenen birak definitzeko moduei, eta abarri dagokienez.

Azken alderdi hori da Arriaga Antzokia sare horretan sartzen den Estatuko lehen antzokia izatera bultzatzen duen puntu erakargarri nagusietako bat. Une honetan, 25 herrialdetako 44 antzoki biltzen dira sarean. Izan ere, ETCn integratzeak aukera emango dio Arriaga Antzokiari bere ekoizpen propioak beste herrialde batzuetara eramateko atea zabaltzeko eta, aldi berean, gainerako antzokiekiko lankidetzaren emaitza gisa, aukera izango du Bilbon nazioarteko proposamen artistikoei eta ikuskizunei harrera egiteko; zalantzarik gabe, horrek aberastu egingo du Arriagara joan nahi duten ikusleek izango duten programazioa eta eskaintza.

NAZIOARTEAN EGOTEA 

European Theatre Convention-en parte-hartze aktiboa izateak Arriaga Antzokiari zera ekarriko dio: Europako beste antzoki batzuetako lankideak ezagutzea eta horiekin harremanetan egotea, nazioarteko lankidetza eta koprodukzio artistikoak sortzea, ideia berriekin eta partekatutako jardunbide hobeekin inspiratzea, Europa mailan eta nazioartean ordezkatuta egotea, digitalizazioan sakontzea, testuinguru, hiri eta perspektiba berriak ezagutzea… azken batean, onura asko ekarriko dizkio Europako sare horri atxikitzeak, eta Arriaga Antzokiak ilusioz ekiten dio proiektu honetan parte hartzeari.

Europako antzoki publikoen sare handiena denez, ETCk 25 herrialde baino gehiagoko 44 kide europar ditu, Europako kulturaren sektore biziaren aniztasuna islatuz. ETC 1988an sortu zen, eta Europako antzerkia sustatzen du elkarrizketarako, demokraziarako eta interakziorako ezinbesteko plataforma gisa. Plataforma horrek egungo ikusle eta gizarte aldakorrei erantzuten die, horiek islatuz eta horiekin interakzioak eginez. ETCk antzerkiaren nozio inklusiboa sustatzen du, Europako gizarte-, hizkuntza- eta kultura-ondarea Europako eta haragoko entzule eta komunitateei hurbilduz.

bilbao.eus

  • Gaia Arte eszenikoak
Euskadi, auzolana