Sarea

  • Facebook
  • Twitter

Gasteizek aire zabaleko 21 ikuskizun eskainiko ditu uztailaren 3tik irailaren 4ra

Eduki hau partekatu
  • Gasteizek aire zabaleko 21 ikuskizun eskainiko ditu uztailaren 3tik irailaren 4ra

  • DataEkainak 20
  • Gaia Arte eszenikoak

Hiriko hainbat auzotako 10 espaziotan garatuko da udako egitarau kulturala

Kultura Zerbitzuak udako denboraldirako diseinatutako aire zabaleko egitarau kulturalaren barruan, Arabako hiriburuak 21 ikuskizun eskainiko ditu. Hala iragarri dute Maider Etxebarria alkateordeak eta Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, prentsaurrekoan.

“Pandemia zela eta, neurrira egindako egitaraua diseinatu behar izan genuen azken 2 udetan. Horrenbesteko arrakasta izan zuen egitasmoak, ezen gure hiriko agenda kulturalean mantentzea erabaki baitugu”, adierazi du Etxebarriak. “Udako aire zabaleko egitarauaren bidez, zuzeneko ikuskizunen ilusioa berpiztu nahi dugu; orokorrean, sektore kulturalari lagundu nahi diogu eta, bereziki, kaleko artearen sektoreari; eta herritarrei kalitatezko egitarau kultural bat eskaini nahi diegu”, gehitu du.

Uztailaren 3tik irailaren 4ra garatuko dituzte jarduerak, hiriaren erdiguneko zein hainbat auzotako 10 plaza, lorategi eta espazio irekitan.

Ikuskizunek askotariko diziplina artistikoak hartuko dituzte barne:

  • Familia-ikuskizunak: Trakamatraka, Zirika Zirkus, Maite Guevara, Rojo Telón eta Tutik Ere Clowns, beste batzuen artean.
  • Helduentzako ikuskizunak: La Reina del Arga, Jon Zabal, Jose Cruz Gurrutxaga, etab.
  • Dantza-proposamenak: Larrutan eta Input, beste batzuen artean.
  • Kontzertuak: Dead Sequoia, Sarrabete, etab.
  • Eta musika-ikuskizun ibiltariak: Demodé Quartet, Zo-Zongó, TTEK Elektrotxaranga, The Farra Marching Band, Batuketa, beste batzuen artean.

Honako hauek dira aurten aukeratutako agertokiak: Hegoalde Gizarte Etxeko harmaila, Judimendiko parkea-Sefarad plaza, Salburuako Ekialdeko parkea, Aranbizkarra parkea, Arriaga parkea (anfiteatroa), Ibaiondo Gizarte Etxeko plaza, Zabalgana Gizarte Etxeko zelaigunea, Santa Maria plaza, Ariznabarrako Zaitegiko Gazteluko eremuko haurren parkea eta Zabalguneko hainbat oinezkoen eremu.

Beste egitarau batzuk

Ikuskizunen eskaintza aberats honen osagarri, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak nabarmendu du Gasteizek berreskuratu egin dituela Floridako Dantzaldi ezagunak, bi urtez ezin izan baitira ospatu. “Lehen saioa ekainaren 25ean egingo dute, larunbatean, eta irailaren 18ra arte iraungo dute. Udako larunbat eta igande guztietan, 19:00etatik 21:30era”.

Uztaileko 5 igandeetan dantzaldietan zuzeneko musika izango da, eta gainerako egunetan DJak. Eta uztailaren 10ean dantzaldiak Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan egingo dituzte, egun horretan Iron Man egingo baitute, eta ibilbidea Florida parketik bertatik pasatzen da.

Gainera, uztailaren 16an Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa tradizionala egingo dute, oraingo honetan Arriaga plazan. Oinarriak, dagoeneko, eskuragarri daude udal-webgunean, eta izena emateko epea irekita egongo da uztailaren 4tik 14ra.

Horri Udal Musika Bandaren aire zabaleko egitaraua gehitu behar zaio, ostiralero 19:00etan, urrira arte. Aurreikusita dagoen hurrengo data ekainaren 24a da, ostirala, ‘Itsasoa’ izenburupean.

Uztailaren 22tik irailaren 3ra bitartean emanaldiak eskainiko dituen Aire Zabaleko Zinemaren programa ahaztu gabe. Play Gasteizen eskutik.

Cantok iragarri duenez, bi urte egin gabe pasatu ostean, ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ itzuliko da, “gaurkotasuneko gaiak hedatzeko programa, lehen ediziotik oso harreran ona izan duena”. Europa Jauregian egingo dute, abuztuaren 29tik irailaren 2ra. Hitzaldiak, mahai-inguruak, pelikula-emanaldiak eta aire zabaleko erakusketa grafiko bat izango dira.

Irailean, Dantza Plazan itzuliko da, Udal Folklore Akademiak antolatutako programa. Florida parkean izango da, bi ostiraletan: irailaren 9an eta 16an, 19:30ean.

Azkenik, Maider Etxebarria alkateordeak iragarri duenez, Gasteizek Olarizuko erromeria berreskuratuko du 2022an. Irailaren 12an izango da. Bisita tradizionala egingo da mugarrietara, eta egitarau bete-betea izango da zelaietan: erromeria, erraldoien eta buruhandien konpartsa, Gargantua, gaztelu puzgarriak, etab.

“Ikusten duzuen moduan, Gasteizko udako egitarau kultural osoa berreskuratu dugu, murrizketarik gabe. Pandemian zehar oso ongi funtzionatu zuten eta, hortaz, geratzeko etorri diren egitasmo batzuk gehitu ditugu”, adierazi du Etxebarriak.

Egitarau osoa eskuragarri dago gaurtik aurrera udal-webgunean. Bertan jasota daude espazio, egun eta ordutegi guztiak, eta informazio osagarria.

Informazio gehiago

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana