Sarea

  • Facebook
  • Twitter

Lautan Hiru Antzerki-Jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 3an abiatuko da, Bilbon

Eduki hau partekatu
  • Lautan Hiru Antzerki-Jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 3an abiatuko da, Bilbon
bilbao.eus

  • DataUrtarrilak 25
  • Gaia Arte eszenikoak

LAUTAN HIRU antzerki txikia, festibal handia egitasmoaren laugarren aldia lau ostegunetan izango da (otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an), eta guztira 11 emanaldi eskainiko dira; umeentzako txotxongilo tailer bat ere bai.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta, urtero lez, Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu du egitaraua, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta BIRA Kultura eragileekin batera.

Antzezlanak lau eszenatokitan eskainiko dira eta bonuak (5 euro) Cafe Bar Bilbaon eta BIRAn salduko dira, bihartik aurrera.

Eusko Jaurlaritzak COVID 19ari aurre egiteko ezarri dituen neurri guztiak zorrotz beteko dira: antzeztokien edukiera murriztuko da eta covid-agiria eskatuko zaie ikusleei.

Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modu emanda.

Aurten, laugarren aldia beteko du Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunen baitan jaio zen LAUTAN HIRU antzerki-jaialdiak. Gainera, indarberrituta dator jaialdia, berrikuntzaz josita: Ikusle kluba, haurrentzako tartea...

Aurten, otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an egingo da LAUTAN HIRU, eta lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko dira Bilboko Alde Zaharrean.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin.

Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariak euskal kulturak “garai zailak” bizi dituela azpimarratu du gaur, eta “arnasguneak” behar dituela. “Jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera”, gaineratu du Arejitak. Pandemiari aurre egiteko beste ezaugarri bat ere aipatu du, hain zuzen, elkarlanarena: “Berezkoa du Euskaltzaindiak elkarlana, eta egitasmo honek erakusten du, hain zuzen, Akademiaren gogoa eta lan egiteko modua, erakundeekin eta kultur eragileekin batera antolatzen dugulako antzerki jaialdia. Hortik datorkio, baita, orain arte izan duen arrakasta”.

Ildo horretan, Arejitak esker oneko hitzak izan ditu, bai Bilboko Udalarentzat, “gure babesle nagusia” den aldetik, bai egitasmoa antolatzen laguntzen duten elkarte eta norbanakoentzat, “euskal kulturako eragileekin batera jokatzea onuragarria ez ezik, ezinbestekoa baita”.

Bestalde, Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak adierazi du euskararen normalkuntza “bere erabilera sozialaren mende” dagoela, neurri handi batean, “hau da, gure hizkuntza eremu ez-formaletara eramateko daukagun gaitasunaren mende; bestela esateko, familian, lagunartean, kuadrillan eta abarretan erabili behar dugu, euskara gure astialdian presente egon behar baita”. “Kultur eskaintza honetan euskarak presentzia gero eta handiagoa izan behar du, eta horretarako ari gara lanean”, gehitu du Narbaizak.

Gehienbat, formatu txikiko lanak antzeztuko dira LAUTAN HIRU jaialdian, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira), eta lau agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); eta 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak).

Leku guztietan, zorrotz beteko dira Eusko Jaurlaritzak COVID 19ari aurre egiteko ezarri dituen neurriak.

LAUTAN HIRUren helburu nagusiak ez dira aldatu azken urteotan: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Alde Zaharreko giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta.

ANTZERKI-EKOIZPENARI LAGUNTZA

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso du laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. Pieza hau LAUTAN HIRUn estreinatuko da, otsailaren 24an (7katu gaztetxean).

UMEENTZAKO TARTEA

Aurten, umeei begira ere jarri da LAUTAN HIRU, eta otsaileko lehen ostegunean beraientzat berenberegi antolatutako saio bat egingo da. Otsailaren 3an, txotxongiloen tailerra egingo da 7Katu gaztetxean, Zurrunka konpainiaren eskutik. Bi txandatan egingo da (17:30ean eta 18:30ean), eta txanda bakoitzean 12 ume sartuko dira. Horretarako, aurretik lekua gorde beharko dute gurasoek, helbide honetara idatziz: info@euskaltzaindia.eus (izena eta telefono zenbaki bat eman beharko dute).

IKUSLE KLUBA

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu da aurten. Honela, ikusle talde batek Eneritz Artetxe aktorearen Lakoste antzezlana aztertuko du. Lakoste otsailaren 3an taularatuko du Artetxek (BIRAn), eta ikusle kluba 2an bilduko da, Euskaltzaindiaren egoitzan (18:30ean). Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.

SARRERAK ETA ZOZKETAK

Urtero lez, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 5 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango dute erosleek (3an eta 10ean bi antzezlan; eta 17an eta 24an hiru). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 3 euro).

Bonuak (5 euro) Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturan salduko dira, bihartik hasita eta agortu arte. Gogoratu behar da bonua erosi duten zaleen artean 'opariak' zozkatuko direla astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

EGITARAUA (#2022lautan3)

OTSAILAREN 3a:

  • HAURRENTZAKO TXOTXONGILO TAILERRAK, 17:30 (7katu gaztetxea): 60 minutuko bi txanda; txanda bakoitzean 12 haur / 6-11 urtekoentzat / Zurrunka teatro. Izen-ematea: info@euskaltzaindia.eus / 944 158 155
  • 19:00 (Euskaltzaindia): Susanaren iraultza / Esther Carrizo (50’)
  • 20:00 (BIRA): Lakoste / Eneritz Artetxe (40’)

OTSAILAREN 10a:

  • 19:00 (Cafe Bar Bilbao): Zure sotoko ardoa / XIX. Cafe Bar Bilbao saria - Irakur-keta dramatizatua (25’)
  • 20:00: (BIRA) Ogiak hizketan baleki / Mamiak kolektiboa - Josune V. Mendizabal (45’)

OTSAILAREN 17a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Artistak eta kazetariak 1.0 / Kaitin Allende (25’)
  • 20:00 (7katu): Ipuin-kontalaria / Maite Arrese (35’)
  • 21:00 (Euskaltzaindiaren egoitzatik abiatuta): Noiz utziko dio euria egiteari / Piszifaktoria Ideien Laborategia (20-30’)

OTSAILAREN 24a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Tribis – baserri galdue / Jon Ander Urresti (50’)
  • 20:15 (7katu): Udaberria heldu da / Les Bobe Bobe (35’)
  • 21:15 (BIRA): Tatxan magia ikuskizuna / Imanol Ituño + Yogurinha Borova (35-40’)

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana