• Facebook
  • Twitter

"The cultural and creative economy before and afterthe COVID-19 crisis"

Eduki hau partekatu
sgae.es

  • DataUrtarrilak 27
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Kultura- eta sormen-industriak (KSI) krisitik atera beharreko beste edozein sektore baino askoz gehiago dira; Europak egungo egoerari eta haren ondorio sozial eta ekonomikoei eman beharreko irtenbidearen zati garrantzitsua dira. Hori da EYk egin duen eta argitaratu berri den azterlanaren ondorio nagusietako bat.

Reconstruyendo Europa: la economía cultural y creativa antes y después de la COVID-19  izenburupean (“Europa berreraikiz: kultura- eta sormen-ekonomia COVID-19aren aurretik eta ondoren”), pandemiaren aurretik Europako kultura eta sormenaren ekonomia aberatsaren atzean zeuden zenbatekoak erakusten ditu txostenak, eta agerian jartzen ditu osasun-neurriengatik lokalak eta dendak ixteak sektore horretan eragindako kalte izugarriak. Horrez gain, KSIak sustatzeko gomendio batzuk ematen ditu txostenak, EBko ekonomia bultzatzen eta berritzen lagunduko duten eragileetako bat bihur daitezen.

Ekonomia oparoa

2019an, KSIak EBko BPGd-aren % 4,4 ziren, negozio-bolumenari dagokionez; urtean 643.000 milioi euroko diru-sarrerak zituzten, eta guztira 253.000 milioi euroko balio erantsia. KSIak, bestalde, Europako enplegu-hornitzaile nagusienetako bat izan ziren, 7,6 milioi pertsonari baino gehiagori eman baitzioten lana; telekomunikazioen industriak baino zortzi aldiz baino gehiago.

KSIak azkarrago hazten ziren (+% 2,6 urtean 2013tik) EBko batez bestekoa baino (+% 2), eta 8.600 milioi euroko merkataritza-superabita zuten 2017an (eskuragarri dauden azken datuak dira); horrek argi erakusten du EB potentzia kulturala dela munduko ekonomian. Ekonomia sortzailea ere onuragarria zen berrikuntza teknologikoaren, genero-aniztasunaren eta gazteentzako enpleguaren ikuspegitik.

COVID-19aren iritsiera

Ikerketak ondorioztatzen duenez, COVID-19ak kalte handiagoa egin die KSIei turismoaren industriari baino, eta galerak aireko garraioaren industriak izandako kalteen parekoak dira ia-ia. KSIek, oro har, negozio-bolumenaren % 30 baino gehiagoko galerak izan zituzten 2020an –199.000 milioi euroko galera metatua–. Musikaren eta arte eszenikoen sektoreek % 75eko eta % 90eko galerak izan zituzten, hurrenez hurren; 53.000 milioi euro galdu ziren arte bisualetan, 26.000 milioi euro ikus-entzunezkoetan, eta abar.

Berreraikuntza

Kontuan izanda KSIek funtsezko ekarpena egiten diotela ekonomia orokorrari eta ahalmena dutela EB krisialditik ateratzeko, ondorio hau ateratzen du azterlanak: sormen-sektoreak ezinbestekoa izan beharko luke Europa berreraikitzeko ahaleginetan. Ikerketak hiru alderdi hauek uztartzea proposatzen du berreraikuntzari heltzeko: "finantzatu, gaitu, sustatu". Azterlanak hau gomendatzen du, zehazki: finantzaketa publiko masiboa egitea eta inbertsio pribatua sustatzea; esparru juridiko sendoa sortzea, baldintza egokiak sor daitezen ekonomia sortzailea suspertzeko eta haren epe luzerako hazkundea ziurtatzeko; eta KSIen botere biguna eta gizabanakoen talentu sortzailea sustatzea, gizarte-aurrerapena lortze aldera.

Bilera Europako politikariekin

Aurrekaririk gabeko garai hauek aurrekaririk gabeko neurriak eskatzen zituzten. Europako ekonomia sortzaileak inoiz ez bezalako hondamendi ekonomikoa jasan du, eta haren ondorio izugarriak hurrengo hamarkadan nabarituko dira. Txostenak David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearen mezua dakar, bai eta Mariya Gabrielena ere, Europako komisarioarena.Gainera, GESAC erakundearen ekimenez (Egileen eta Konpositoreen Elkarteen Europako Taldea -SGAE barne hartzen du-), aurkezpenaren egunean, delegazio bat bilduko da arduradun politiko hauekin, besteak beste: Europako Batzordeko Dombrovskis presidenteorde exekutiboarekin, Schinas eta Šuica presidenteordeekin eta Breton, Gentiloni eta Schmit komisarioekin. Delegazioan KSI guztien ordezkariak egongo dira (Isabel Coixet zinemagile espainiarra, adibidez), eta Jean-Michel Jarre  musikari frantsesa izango du buru.

Hona zer esan duen Jean-Michel Jarrek, musika elektronikoaren aitzindariak: “Kultura baliabide urria bihurtu da gaur egungo Europan, eta denok ari gara sufritzen horren ondorioz. Aldi berean, europarrak jabetzen ari dira arteak duen balio izugarriaz, eta gu denok batzeko duen ahalmenaz. Ikerketa honek errealitate hori islatzen du, zenbakiak jartzen ditu sufritzen ari diren horiek ikusarazteko, eta jarraibide argiak ematen ditu irtenbideari dagokionez ”.

Bestalde, GESACeko presidente eta SACEMeko zuzendari nagusi Jean-Noël Troncek honako hau adierazi du: "KSIak dinamikoak bezain kalteberak dira, askotarikoak bezain funtsezkoak, eta, zorionez, ez da beranduegi zerbait egiteko. Finantzaketa masiboaz gain, esparru juridiko sendo bat behar dugu, inbertsioak sustatu eta suspertuko dituena, eta aldi berean bidezko ordainsariak bermatuko dizkiena sortzaileei eta haien merkataritza-bazkideei. Ildo horretatik, behar-beharrezkoa da egile-eskubideei buruzko zuzentaraua azkar eta eraginkortasunez aplikatzea. Europako buruzagiek ere erabili behar dituzte KSIak – eta beren milioika talentu indibidualen ahalmen biderkatzailea – Europako gizartearen, sozietateen eta ingurumenaren aurrerabidearen azeleratzaile garrantzitsua baitira ".

Aldiz, EYko kide den Marc Lhermittek hau azaldu du: "COVID-19aren krisiak Europako kultura- eta sormen-industrietan (KSI) izan duen eragin ekonomiko izugarriari buruzko daturik eguneratuenak ematen ditu azterlan honek. 2020. urtea lazgarria izan zen KSIentzat, bai Europan, bai munduko gainerako lekuetan. Kultura izan zen lehena bere zuzeneko jarduera eta banaketa-jarduera gehienak eteten, eta, ziur aski, azkena izango da bere ohiko jarduerari murrizketarik gabe berrekiten. Hala ere, azterlanak dioenez, sektore hori Europako gizarte-ehunaren erdigunean dago eta garrantzi izugarria du ekonomian; hainbestekoa, non ekonomia suspertzeko aliatu nagusi bihur bailiteke. Horrek oso argi erakusten du kulturaren boterea eta dinamismoa, eta EBk munduan duen eraginari egiten dion ekarpena ".

Ikerketari buruzko informazio gehiago

Ikerketa GESACek (Egileen eta Konpositoreen Elkarteen Europako Taldea) eskatu zuen, eta hainbat bazkide bildu zituen: AEPO-ARTIS, EUROCINEMA, EUROCOPYA, EVA, FIAPF, IMPALA, IVF, SAA, SROC, eta erakunde laguntzaileak; AER, CEPIC, EACA, ECSA, EGDF, EPC, FEP, FERA, FSE/SCRIPT, IFRRO, IMPF. Sektore guztiek egin dute bat txostenaren ondorio eta gomendioekin.

Txostenaren webgunea

Ikerketa osoa

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana