• Facebook
  • Twitter

Jokin Oregi: "Komunikazioa euskararen bidez eta euskaratik egin nahi dugu"

Eduki hau partekatu
  • Jokin Oregi:

  • DataAzaroak 10
  • Gaia Arte eszenikoak

Tartean Teatroak berak sortu eta ekoiztutako antzezlana da Ez dok ero, “etxean” egindakoa, adierazi du lantaldeak. Testuaren egilea Patxo Telleria dugu eta zuzendaritza lanetan Jokin Oregi aritu da. Aktoreak EzDok3 bikote artistikoa osatzen duten Mikel Martinez eta Telleria bera dira. Jatorrizko musikaren konposaketaz Adrian Garcia de los Ojos arduratu da.

Telleriak eta Martinezek osatzen duten EzDok3-ren lan guztietan bezala, ikuskizun honetan ere euskara eta euskal kultura dira protagonista nagusiak. Are gehiago oraingoan, non gure imaginario kolektiboak eta kultur sinbologiak presentzia nabarmena duten. Tartean Teatroak azaldu duenez, “Euskal Antzerkiaren road movie eroa dugu Ez dok ero antzezlana, euskal kultura, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskaintzen duena”.

Obra Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren desagerpenarekin abiatzen da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Agertokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek, berriz, ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan, eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.

Egun batean Mikelote, “antzerkilari andante estrafalarioa”, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imajinazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.

Obraren estreinaldia azaroaren 10ean eta 11n izango da Bilboko Arriaga antzokian.

Ondorengo emanaldien datak ikusteko hemen.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana