• Facebook
  • Twitter

Azkuna Zentroak datozen asteetan bere proposamenak online kanaletara eramango ditu #AzEtxean ekimenarekin

Eduki hau partekatu
  • Azkuna Zentroak datozen asteetan bere proposamenak online kanaletara eramango ditu #AzEtxean ekimenarekin

  • DataMartxoak 24
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok datozen asteetan bere proposamenak online kanaletara eramango ditu #AzEtxean ekimenarekin, etxean kultura garaikidea bizitzeko, Covid-19 koronabirusak ezarritako alarma egoeran.

«Aldaketa-egunak dira hauek, lan- eta gizarte-ohitura berrietara egokitzekoak. Baina krisi oro aukera bat da, eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok horrela bideratu nahi du une hau: kulturaz beste era batera eta beste asti batez gozatzeko aukera izan dadin», azaldu dute.

Zentroak, #AzEtxean ekimenaren bidez nahi du «hurbil egon, elkarri lagundu, elkarrekin konektatzen jarraitu... Gure ustez, garrantzitsua da guztion artean gaur egungoa bezalako egoeran, gizarte gisa dugun egoera konplexu eta delikatuenetako bat dena, jasaten laguntzeko».

Ezarritako euste-neurrien ildotik, Azkuna Zentroaren ate fisikoak itxita daude, baina «online kanalen leihoak parez pare ireki ditugu, gure kultura-programazioarekin bide horien bidez jarraitzeko». 

Horretarako, astero proposamenak egingo dira, ikusleen komunitate guztiek arte garaikidearekin, arte eszenikoekin, soinuarekin, zinemarekin, ikus-entzunezkoekin, literaturarekin edo kultura digitalekin esperientziak izaten jarraitzeko.

#AzEtxean ekimenaren bidez, programazioaren hainbat alderdi ezagutzea edo horien gainean itzultzea proposatzen da, hala nola, consonni radio Az-rekin proiektuaren podcastak. Hitzaren, entzutearen eta kultura kritikoaren inguruko elkarrizketak, konplizitateak eta loturak dituen irrati-artxiboa. Gainera, webgunetik e-liburutegia birtualera sar daiteke, Azkuna Zentroa horren parte baita. Zentroak, astero, plataforma horren bidez eskura daitezkeen liburu, film eta dokumentalen gomendioak egingo ditu, besteak beste, Zinemateka martxan duen Zinemaren historiako 50 harribitxi zikloko zenbait titulu.

Erakusketa-aretoa itxita dagoela, Azkuna Zentroak Steve Paxton: Drafting Interior Techniques proiektua ezagutzea proposatzen du, erakusketako bideoaren bidez, eta zentroak hartuko duen hurrengo erakusketaren aurrerapena hurbiltzen du. Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío, Ana Laura Aláez artistaren erakusketa da,  Bea Espejok komisariatua eta Centro de Arte Dos de Mayo, CA2M arte-zentroarekin batera ekoitzia.

Erakusketa bideo-jokoaren bidez esperimentatu nahi dutenentzat, Zentroak mugimenduarekin eta dantzarekin lotutako hautaketa bat proposatzen du, A dance of fire and ice (PC), Bound (PS4), Everything (PC), Flower (PC) eta Journey (PS3) bezalako proposamenekin, publiko-komunitate guztietarako.

Oscar Gómez Matak, Azkuna Zentroko artista kideak, eta Espe López artistak Isiltasuna etxean deriba esperimentatzeko gonbita egin dute, parte-hartzaileen behaketa eta barne-bizitza lantzeko ariketa bat.

Azkuna Zentroak balioa erantsiko die bere online proposamenei datozen asteetan, egoera honi aurre egiten laguntzeko. «Une hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da gizarte gisa inguruabarren mailan egotea eta auto-babeserako eta erantzukizun kolektiboko prebentzio-neurriei jarraitzea, laster berriro esperientziak partekatu ahal izateko», Zentrotik gogoratzen dute, «orain gehien axola zaiguna zuen osasuna eta zuen familiena baita».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana