• Facebook
  • Twitter

Komedia, drama edo umorea bezalako generoak uztartuko dira Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioan, otsailaren 26tik apirilaren 2ra

Eduki hau partekatu
  • Komedia, drama edo umorea bezalako generoak uztartuko dira Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioan, otsailaren 26tik apirilaren 2ra
    Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioaren aurkezpena.
eibar.eus

  • DataUrtarrilak 29
  • Gaia Arte eszenikoak

Edizio berriak 22 ekitaldi hartuko ditu: 20 antzerki emanaldi, kaleko antzerki bat eta Lolita Flores protagonista izango duen ohiko hitzaldi-solasaldia. "Actrices de raza" izenburupean, artistak aktore eta abeslari gisa duen eginkizunaz hitz egingo du, baita artista familia bateko kide gisa izan duen ibilbideaz ere. Aurten, gainera, izen handiko aktoreek hartuko dute parte, Imanol Arias, Adriana Ozores eta Luis Piedrahita, besteak beste. Jardunaldien barruan, Juan Ortega sortzaileari omenaldia egingo zaio.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioa 2020ko otsailaren 26tik apirilaren 2ra bitartean egingo da Eibarko Coliseo Antzokian eta Eibarko Unibertsitate Laboraleko Hezkuntza Esparruan. Edizio berriak 180.000 eurotik gorako aurrekontua izango du, eta gaur, urtarrilak 28, aurkeztu dute Eibarko alkate Miguel de los Toyosek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Jose Angel Maria Muñozek, Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak eta Narruzko Zezen antzerki taldeko ordezkariek.

Aurtengo edizioari otsailaren 26an emango zaio hasiera, Lolita Flores aktorea protagonista duen "Actrices de raza" hitzaldi-solasaldiarekin. Bertan, aktore eta abeslari gisa izandako ibilbideaz eta artista familia bateko kide gisa izandako eraginaz hitz egingo du. Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko du ekitaldia. Hitzaldia Coliseo Antzokian izango da, 19:00etan, eta sarrera doan izango da. Ondoren, otsailaren 27an eta 28an, Coliseoko agertokira igoko da berriro Magüi Mirak zuzendu eta bertsionatutako "La fuerza del amor" obra interpretatzeko. Berarekin batera, izen handiko beste aktore batzuek hartuko dute parte, Luis Mottola, Antonio Hortelano eta Marta Guerras. Bi egunetan, 20:30ean hasiko da antzezlana, eta jardunaldien edizio berriko komedia nabarmenetako bat bezala aurkezten da.

Bartzelonako eta Austriako Eléctrico 28 antzerki taldearen eskutik, otsailaren 29an, larunbata, Untzaga plazan kaleko antzerkia izango da, "Full House" izenpean, 18:00etatik aurrera.

Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren gainerako lanak honako hauek dira: Curva España. La curva en la que se mató España (Chévere konpainia)Ni, munduko txarrena / Yo, la peor del mundo (Vaivén Producciones); Ikimilikiliklik (Marie de Jongh); El rey Lear (Atalaya); Orquesta de Malabares (Pistacatro eta Cielito musika bandarekin elkarlanean); Los hijos (Producciones Teatrales contemporáneas); La isla (Histrión Teatro); Zaldi urdina (Axut!, Artedrama eta Dejabu); Imperator (Maricastaña); El coronel no tiene quien le escriba (Okapi Producciones); Around the world (Brodas Bros); Es mi palabra contra la mía (Luis Piedrahita); Rámper, vida y muerte de un payaso (Cancamisa Teatro); Lloviendo ranas (Ados Teatroa eta Acrónica Producciones); Surco (Kokreta Teatro); El violinista (Rebelde Strad); Simplicissimus (Tartean Teatroa); eta Los olivos pálidos (La Red Teatro).

Aurten, berrikuntza gisa, hiru ekintza egingo dituzte jaialdiaren publizitate arloan. Lehenik eta behin, otsailean zehar, hamar bideo zabalduko dituzte antzerkira joateko gonbidapenarekin. Hauek dira protagonistak: Juan Ortega, Mateo Guilabert, Nerea Gorriti, Irene Hernando, Kezka, Musika Banda, Antzerki Sarea, Koliseoko teknikariak, Narruzko Zezen eta Koro Gaztea. Helburua da herritarrak gonbidatzea eta animatzea, antzerkira joan daitezen. Bigarrenik, publizitatea txertatuko da Donostiara doazen autobusen pantailetan, eta edizio berriko kartela Bilbora doazen autobusetako batean islatuko da. Hirugarren ekintza asteburu honetan izango da, eta Lekim taldea izango da protagonista. Eskualdeko aktoreek hartuko dute parte bertan, eta Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira, sarreren salmenta eta jaialdiaren etorrera iragarriz.

Era berean, Jardunaldietan Juan Ortega sortzaileari omenaldia egingo zaio, lau hamarkada baino gehiagoz jaialdiaren aurpegi ikusgarriena izan baita.

Aurtengo kartela Iñaki Larrañaga artista eibartarrak egin du.

Sakatu hemen jardunaldien edizio berriaren programazioa kontsultatzeko.

Aldez aurreko salmenta

Sarreren aldez aurreko salmenta egun hauetan egingo da:

  • Otsailaren 1ean, 2an eta 3an, 10:00etatik 14:00etara, Coliseo Antzokian.
  • Emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago, dagokion antzokiko leihatilan.
  • Kutxabanken bidez, 2020ko otsailaren 1etik aurrera, 10:00etatik aurrera.
  • Otsailaren 3tik, astelehenetan eta ostiraletan, 17:30etik 19:30era, Coliseo Antzokian.

Salmenta arrunta

  • Dagokion antzokiko leihatila, emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenagotik.

Prezioak

  • Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 15ean, 20an eta 22an: 15 €
  • Martxoaren 7an, 13an, 19an, 21ean eta 29an eta apirilaren 2an: 5 €
  • Gainerako funtzioak: 12 €

Deskontuak

  • 5 eurotik gorako prezioetarako balio duen Coliseoaren Laguna txartela dutenek: tarifa normala, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelarekin 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).
  • Ikuskizunetara sartzeko Coliseoaren Laguna txartela egiaztatzea beharrezkoa izango da.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana