En marcha un nuevo proyecto para el teatro vasco en Lekeitio: ERTZAK

Comparte este contenido
  • En marcha un nuevo proyecto para el teatro vasco en Lekeitio: ERTZAK
ERTZAK

  • Fecha25 de Marzo
  • Temática Artes escénicas

ERTZAK

Euskal eszenarentzako leiho bat

Euskal teatroarentzako egitasmo berri bat jarri da abian Lekeition: ERTZAK sarea. Euskal teatroaren “ertzak” ikusarazi eta harremanetan jartzeko dinamika. Euskal Herrian zehar teatroa, teatroa egiteko moduak hainbat direla aintzat hartuta, egiten duten talde eta norbanakoak biltzea du helburua eta beraien lana ikustaraztea, edo partekatzea. Teatroa bide ez konbentzionaletatik edo ogibide izan gabe egiten dutenentzako espazio bat proposatzea hain zuzen.

Izan ere, euskaraz egiten den teatroa anitza da eta geruza ugaritan bana daiteke. Eta aniztasun horretan, hainbat eta hainbat ertz aurki daitezke: antzerkia zaletasunetik egiten duten taldeak, proposamen bereziak plazaratu nahi dituztenak, espazio edo formatu arruntetatik haratzago joan nahi dutenak, edo, besterik gabe, bideak egiten hasteko espazioak behar dituzten dinamikak… antzerkia zirkuitu konbentzionaletatik kanpo bizi dutenentzako harremanak egiteko sareen falta badago Euskal Herrian. Asko sortzen da, baina, falta dira bizipen horiek elkarbanatzeko espazioak.

Ideia horri tiraka, Lekeition proiektu bat sortu zen, herriko “Muntu” antzerki taldearen babespean. Eta 2019ko Ibilaldia Lekeition egiteari esker jaioko da aurten. Izan ere, aurtengo Ibilaldiak, ekintzaz jositako urte bat izatetik haratzago joan nahi duenez, tokiko garapena ekarri dezaketen proiektuak bultzatzeko asmoa baitauka. Hartara, ERTZAK, herrian sortu eta geratzeko asmoa duen proiektua izanik, garapen kulturala bultzatzeko aukera ezin hobea zela iritzi zion Ibilaldiak, eta martxan jartzeko aukera eman.

Aurtengo edizioan, ERTZAK proiektua, Martxoak 29 eta 31 bitartean egingo diren antzerki topaketa batzuekin abiatuko da. Euskal Herri osotik hurbilduko diren antzerki talde edo bakarlarien erakusleiho bat izango da. Zazpi antzerki obra, bi tailer eta mahai-inguru bat aurkeztuko dira lehen urte honetan. Pasaiako “Hamaika buelta” antzerki taldea, Lesakako “Mairu”, Tolosako “Katiuska”, Durangoko “Karrika” eta Donostiatik Ion Martinez “Txiki” bakarrizketalaria ikusi ahal izango ditugu antzerkizaleen taldean. Talde guzti hauen anfitrioi lana egingo ditu herriko “Muntu” antzerki taldeak ere, eta sorkuntza prozesuan dagoen lan bat eskainiko du. Hauekin batera Ze Onda taldeak, “Heriotza bikoitza” antzezlana ere taularatuko digute, Jon Ander Alonsoren zuzendaritzapean, eta Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga aktoreekin.

Antzerki obrez gain, Arropaineko Arraguarekin elkarlanean, Olatz de Andres koreografoak “Mugimendua eta ukimena” izenburupeko tailerra eskeiniko du, eta Leire Salamanka argi teknikariak antzerkirako oinarrizko argiztapen tailer bat dinamizatuko du. Tailer hauez gain, Euskal Herriko antzerkizale elkartearekin elkarlanean “Teatro Geruzak” izenburupeko mahai-ingurua ere eskainiko da, euskal antzerkiko izen bereziekin batera.

ERTZAK topaketen asmo nagusia da, Lekeition sortutako espazio honetatik, antzerkizaletasunean mugitzen diren talde hauek guztiak harremanetan jarriko dituen sare bat eraikitzea. Elkarlana edo sinergiak bilatu eta horrelako taldeek aurrera eramaten dituzten dinamikak bistan egon ahal izateko.

Euskal Antzerkiak ertz ugari ditu, eta hainbat dira eszenara heltzeko ertzak ere. Zirrikituetatik abiatzen diren antzerki zaleak batu eta harremanetan jartzeko eremua da ERTZAK, Euskal Eszenarentzako beste lehio bat.

Martxoaren 29tik 31ra bitartean, Euskal Herriaren luze zabalean antzerkia egiten duten taldeen emanaldi batzuk bizitzeko aukera emango du Lekeition, baina baita formakuntza eta eztabaidarako ere. Antzerkia modu ez profesionalean, ez komertzialean edo bestelako ertzetatik egiten dugunon sarea eraikitzen hasteko lehenengo urratsa.

Ibilaldia 2019rekin batera jaio da ERTZAK. Ibilaldiak, esparru desberdinetan izan nahi du eragile, garatze prozesuan egon daitezkeen proiektuei lagunduz, gerora, herrian geratuko diren dinamika moduan manten daitezen. Arte eszenikoen proiektu hau martxan jartzeko ezinbesteko bultzada eman dio eta anfitrioia Lekeitioko Muntu antzerki taldea izango da.

Zalantzaren bat izanez gero, erantzuteko prest gaude eta bestalde, Xabier Arrate, proiektuko arduradun nagusia elkarrizketatu nahi izanez gero, hona hemen berarekin harremanetan jartzeko datuak:

 
 
639638240

Informazio hau guztia sakontzeko, martxan jarri berri dugun ertzak.eus web orriko prentsa atalean eskuratu dezakezu materiala eta baita facebook eta instagrameko perfilak jarraitu.
 

Leer información completa en el sitio web de la fuente

Euskadi, bien comn