Kalekaren 30 edizioak kale arteak hurbilduko ditu Lekeitiora

Eduki hau partekatu
  • Kalekaren 30 edizioak kale arteak hurbilduko ditu Lekeitiora
Kaleka

  • DataUztailak 11
  • Gaia Arte eszenikoak

KALEKAren edizio berriak, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak, 18 kolektibo eta konpainia hartuko ditu, Italia, Frantzia, Txile, Erresuma Batua, Alemania, Galizia, Katalunia, Toledo, Kantabria eta, noski, Euskal Herritik etorriak.

Aste bat besterik ez da geratzen KALEKAren edizio berriari hasiera emateko. Uztailaren 18tik 21era bitartean, jaialdiak 21 ekintzaz gozatzeko aukera eskainiko digu, beste batzuen artean, eduki, formatu eta hizkuntza anitzak lantzen dituzten keinu antzerkia, dantza, zirkua, clowna, esperimentazio espazioak, kabareta, piroteknia, txotxongiloak eta proposamen instalatiboak izango ditugu. Guzti horiek Lekeitioko toki publikoetan edota espazio berezietan kokatuko dira.

Edizio berri honetan, KALEKAk 30 urteurrena ospatuko du bere barnean aurkitzen diren hiru ataletan banatutako ekintza anitzekin.

Sekzio ofizialak Cía ytuquepintas, 7 Bubbles, Murmuyo, Chiara Marchese, Sincronacidas, La Nordika, Zero en Conducta eta L?kkeren ikuskizunak hartuko ditu bere barnean eta baita Zanguango eta Lekittoko Deabruak konpainien proposamen ibiltariak ere.

Sekzio ofizialaz gain, aurreko urteetan estreinatutako bi atalak finkatzen dira, garatzen diren testuinguru politiko, sozial eta kulturalari sendotasuna emateko helburuarekin: KALEKAz Blai eta KALEKA Scratch.

KALEKA Scratch-ek garapenean edo sorkuntza prozesuan dauden lanak biltzen ditu, eta espazio bat proposatzen du eragile kulturalen, artisten, publikoen eta abarren arteko sormen harreman-trukaketa gunea bilakatuz. KALEKA Scratch sekzioko partehartze proposamenak deialdi ireki eta publiko baten bidez jasotzen dira. Atal honen hirugarren edizioan parte hartzeko 20 eskaera jaso ziren eta horietatik 5 konpainia eta kolektiboren lanak aukeratu dira: LaBuena Compañía, Cie Dé-Chaînée, Compañía La Intrépida, Cia Es Circ eta L?kke / Olatz De Andrés.

KALEKAz Blai-k berriz, jaialdiaren ekintza-markoaren barruan, urtean zehar testuinguru lokalean egiten diren jardueren sustapena bultzatzen jarraitzea bilatzen du. 

Atal honek, aurretik aipatutako beste bi sekzioetan egiten diren lanetatik sortutako ekintzak proposatzen ditu, urtean zehar herriko biztanleriaren parte hartzeaz lotutako eta formatu ezberdinetakoak diren lanak erakutsiz. Aurten, L?kkeren The Big Game tailerra izango dugu, deialdi zabalaren bidez, sekzio ofizialaren barruan kokatzen den izen bereko ikuskizunerako partaideak bilatzen dituelarik. Era berean, Zanguangoren Al Otro Lado ikuskizunaren entsegu irekia ere hartzen du sekzio honek, baita jaialdiaren aurkezpen egunean izan genuen Shakti Olaizolaren espektakulua ere. Gainera, egun berean, hainbat akzio koordinaturen bidez, KALEKA: “espazio publikoa ekoizten” kontzeptuan oinarritzen den jardueraren barnean, hainbat material sortu eta Lekeitioko plazako espazioa hartu zuten akzioak bideratu ziren.

Modu berean, hiru esperimentazio espazio landuko dira. Alde batetik, aurten Truca Rec kolektiboa KALEKA EGIN gunea diseinatzearen arduraduna izango da, STAMPA izeneko proposamenarekin, stencil teknikaren bidez ehunezko poltsa eta motxilak jaialdiko diseinu pertsonalizatuekin sortzeko gunea eraikiz. Bestalde, Createctura kolektiboak KAIRÓS [gune doia] espazioa inauguratuko du, PAISAJES DE JUEGO instalakuntzaren bidez, 10 hilabete eta 5 urte bitartekoentzat onuragarriak diren esperientzia eta joko espazioa hornituz. Era berean, 7 Bubblesek tamaina eta forma ezberdinetako xaboi burbuilekin esperimentatzeko joko espazio bat proposatuko du.

Azkenik, eta ohikoa bihurtzen ari den bezala, KALEKAk herriko kultur elkarteekin kolaboratzen jarraituko du. Arropaineko Arragua sorkuntza espazioak ULUA(K) Teatroaren bi jarduera eskainiko ditu, alde batetik, maskara, txotxongilo, clown eta musika bilduko dituen espektakulua eta, beste alde batetik, eraikuntza eta joko espazio bat. Modu berean, Malekoia Txiringitoak umorea eta magia batuko dituen ikuskizun bat ekarriko digu AEIOU Animazioaken eskutik.

Aurten Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Kultur Ministerioa, BBK, Eika, Cikautxo eta Erabil-en babesa izango du jaialdiak.

Guzti honekin, KALEKAk bere 30 urteurrena ospatuko du, uztailaren 18tik 21era kale arteak Lekeitiora hurbilduko dituen aniztasun handiko ekintzaz betetako jaialdia ekarriz.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana