Bilboko Kalealdiak 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu erreferentziazko 29 konpainiarekin

Eduki hau partekatu
  • Bilboko Kalealdiak 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu erreferentziazko 29 konpainiarekin

  • DataEkainak 20
  • Gaia Arte eszenikoak

Programazioak estatu mailako 6 estreinaldi eta erabateko 3 estreinaldi jasotzen ditu, kaleko antzerki garbienetik zirku garaikidera, dantzara, kaleko musika bandetara eta clown artistetara, horien artean, Lleidako Fira de Titelles izenekoan Interpretazio Onenaren Urrezko Herensugea jaso zuten Brunette Bros.

Euskal konpainia hauek ere euren kaleko lanak eskainiko dituzte: Barsanti Cia, Hortzmuga Teatroa, Deabru Beltzak, Malas Compañías, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka, The Funes Troup eta Dikothomia, azken hori, Umore Azokaren azken edizioan Euskal Ikuskizun Onenaren saria lortutakoa. Bilbo bisitatuko duten 29 konpainietatik, 12 Frantziatik, Italiatik eta Danimarkatik etorriko dira.

Casilda Iturrizar parkea jaialdiko aire zabaleko antzoki handi bilakatuko da berriro, ikuskizunak ikusteaz gain, sentsazio desberdinak esperimentatzeko aukera emango duten hiru espaziorekin. Bilboko Kalealdia Areatza ingurura, Arriaga Antzokiaren kanpoaldera, Plaza Barrira eta Santiago Plazara ere helduko da.

Bilboko Udalak antolatzen duen Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak – BILBOKO KALEALDIAK, bere 20. edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate maila bikaina eta aniztasuna erakusten dituen programazioarekin egingo du, izan ere, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bilduko ditu. Uztailaren 1etik 7ra 80 emanaldi izango ditugu –aurreko edizioan baino %20 gehiago–. Horietako asko, aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen ari den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan ere parkeak apainketa berezia edukiko du Hiriko ekitaldi nagusietakoa izango den jaialdiari ongi etorria emateko. Gainera, aurten sentimenen arabera bereizitako hiru gune izango ditu, jaiarekin, loreekin eta lasaitasunarekin lotutakoak. BILBOKO KALEALDIA Alde Zaharraren inguruko ohiko kokalekuetara ere helduko da.

Edizio honetara gonbidatutako konpainien artean, 10 Euskadikoak dira, 4 Estatuko gainerako lekuetakoak, eta gainerakoak Frantziatik –kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia–, Italiatik eta Danimarkatik datoz, batez ere. Guztiek ere euren azken lanak ekarriko dituzte Bilbora, eta ikus-entzuleek ohiko agertokietan gozatu ahal izango dituzte: parkean, astelehenetik asteazkenera, eta ostegunetik aurrera jaialdia Bilboko Areatza ingurura joango da, Plaza Barrira, Santiago Plazara eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldera.

Jaialdiaren hurrengo ediziorako programazioak Estatuan lehen aldiz ikusiko diren sei ikuskizun, Euskadin estreinatuko diren bost eta euren erabateko estreinaldia BILBOKO KALEALDIAN izango duten beste hiru proposamen jasoko ditu. Horrela, Estatuko estreinaldien artean, sentimenduz eta muturreko arriskuko jolas akrobatikoz betetako Bigbinôme Collectif taldearen “Saut”; akrobazia eroen bitartez txolarreen maitasun erritualak irudikatzen dituen eta 7 metroko altueran egiten den Cirque Hirsute konpainiaren “Les Butors”; edo migratzaileen dramari buruzko Cirque Rouages frantsesen “Boate”.

Estatu mailako estreinaldi izango dira, baita ere, Bilbon bi clown marmarti eta barregarri protagonista diren Magik Fabrik Cie konpainiaren “Incognito” ikuskizuna; zirku garaikideko Puéril Péril taldearen “Bankal”; eta, amaitzeko, 2017an jadanik Bilbo bisitatu zuen eta orain “Perceptions” lanarekin etorriko den Bivouac Cie konpainia frantsesa, ekain honen amaieran Frantzian estreinatuko duten zailtasun tekniko handiko ikuskizuna. Ikuskizuna uztailaren 1ean ikusi ahal izango da, 22:30etik aurrera, gaueko emanaldi ikusgarri gehienak biltzen dituen Arriaga plazan.

Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diren proposamenen artean bi azpimarratu behar dira. Alde batetik, Kataluniako Mumusic Circus zirku konpainiak “Flou Papagayo” ikuskizuna aurkeztuko du. Bertan, nonbaiten kokatzeko zaila den lengoaia eta estilo anitza zabaltzen dute, zirkua, clowna, dantza, objektuen antzerkia eta zuzeneko musika uztartuz. Ikuskizun horrek Kaleko Ikuskizun Onenaren saria jaso zuen iaz Circ de Catalunyako Zirkòlika Sarietan. Beste alde batetik, lehen aldiz ikusi ahal izango da Euskadin Defracto Cie frantsesen “Flaque” malabar ikuskizuna. Bertan, giza gorputzak beste dimentsio bat hartzen du, diziplinaren garapenerako funtsezko elementu gisa. Bi ikuskizun horiek uztailaren 2an eta 4an, Arriaga plazan, 22:30etik eta 23.00etatik aurrera aurkeztuko dira ikus-entzuleen aurrean, hurrenez hurren.

BILBOKO KALEALDIAN egongo diren gainerako konpainien artean beste hainbat azpimarratu behar dira, duela hilabete Umore Azokan estreinatu zen “Esencial” zirku garaikide ikuskizuna aurkeztuko duen Andaluziako Vaivén Circo, besteak beste. Lan horretan eszenografiak oso leku garrantzitsua betetzen du, zirku teknika anitzak gauzatzeko aukera emanez. Beste alde batetik, Solfasirc taldeak Casilda Iturrizar parkean instalatuko du bere karpa, familia osoari zuzendutako “Dékoncert” ikuskizuna eskaintzeko. Lan horrekin bi sari lortu zituen iaz: Circ de Catalunyako Zirkòlika BBVA Sari Nagusia eta Ikus-entzuleen Saria Gaztela Leongo Nazioarteko Zirku Jaialdian.

Clown ikuskizunen artean aipamen berezia merezi du Danimarkako Brunette Bros konpainiak. 2018ko Lleidako Fira de Titelles ospetsuan “Interpretazio Onenaren” Urrezko Herensugea lortu zuen “Circus” ikuskizuna ekarriko du Bilbora. Eszenografiaren parte gisa kamioi zahar bat erabiliz, ikus-entzuleak miniaturazko antzerki ibiltarian eta zirkuan murgilduko dituzte. Brunette Bros-ek hiru emanaldi eskainiko ditu, Casilda Iturrizar parkean, 21:00etan, uztailaren 1, 2 eta 3an.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana