11 ikuskizunek osatzen dute Gasteizko Antzoki Sarearen udako denboraldia

Eduki hau partekatu
  • 11 ikuskizunek osatzen dute Gasteizko Antzoki Sarearen udako denboraldia

  • DataEkainak 5
  • Gaia Arte eszenikoak

23 emanaldi izango dira, uztailaren 15etik abuztuaren 9ra bitartean. Zenbait sarrera salgai daude dagoeneko, eta ekainaren 27an jarriko dira salgai gainerakoak.

Udal Antzoki Sareko udako programa

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu du, gaur, Udalaren Antzoki Sarearen udako denboraldia. Hamaika ikuskizun izango dira, guztira 23 emanaldi, uztailaren 15etik abuztuaren 9ra bitartean.

Cantok nabarmendu duenez, “uda honetako arte eszenikoen programazioak, ohi denez, entretenimendutik gertuago dauden proposamenei bide ematen die, hala nola musikari, musikalari eta komediei, eta Principal antzokian bilduko da”.

Jazza Antzokian zikloa proposatzen du Gasteizko Jazzaldiak:

· Uztailaren 15ean, Benny Golsonek, 90 urte beterik, benetako jazz-klub bateko giroa jarriko du Principal antzokian.

· Uztailaren 16an, Marco Mezquida menorcarraren txanda izango da, bere belaunaldiko proiekziorik handieneko musikarietako bat baita.

· Uztailaren 17an, Nubya Garcíaren txanda izango da. Emakume saxofoi-jotzaile eta konpositore hori Londresko jazzaren berpizkundearen ordezkarietako bat da.

· Uztailaren 18an, Marta Sánchez Quintet iritsiko da Gasteizera, musikari amerikarrek osatutako boskotea.

· Uztailaren 19an, euskal eta amerikar musikariak lotzen dituen Konexioa programa izango da protagonista, Iñigo Ruiz de Gordejuelarekin. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bostongo Berklee College of Music-en ikasi ondoren, euskal musikari gaztea adopzio-hirira itzuliko da.

· Uztailaren 20an, Ambrose Akinmusire tronpeta-jotzaileak itxiko du aurtengo edizioa, Hip hop, funk eta soul ukituekin nahasiz jazzaren tradizioa, eta arrazakeriaren eta klasismoaren kontrako aldarria eginez. Hari-laukote batek eta Nappy rap-kantariak lagunduta agertuko da Gasteizen.

Guztira, sei kontzertu izango dira, 18:00etan, ohi bezala, Principal antzokian. Ekainaren 11n jarriko dira salgai sarrerak. Argibide gehiago, webgune honetan: www.jazzvitoria.com.

EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestra

Denboraldiko bigarren hitzordua da. Urtero eskaintzen du kontzertua, uztailean, hilaren 21ean. Juan José Ocónen zuzendaritzapean, euskal musikari gazteen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta egitarau bikoitza eskainiko du:

· Camille Saint-Säensen Dantza makabroa

· Txaikovskiren 5. Sinfonia, konpositore errusiarraren piezarik ederrenetako bat.

Jai atarikoak

2019ko Andre Maria Zuriaren jaietarako motorrak berotzeko, musikala itzuliko da Gasteizera, uztailaren 25ean eta 28an. La Familia Addams, Broadwayko komedia musikal handia, Madrilen arrakasta handia izan ondoren —eta bira luze baten ondoren— azkenik hirira iritsiko da.

Guztira sei emanaldi eskainiko dira, Carmen Conesa protagonista dela, Esteve Ferrer handiaren zuzendaritzapean. Pertsonaia xelebre bezain hunkigarriek unibertso barregarri batean barrena eramango gaituzte.

Produkzio handia, zuzeneko musikarekin; 50 artista eta teknikari baino gehiagorekin. Sarrerak salgai daude, joan deneko apiriletik.

2019ko Andre Maria Zuriaren jaiak

Berriro ere, egungo gaiak jorratzen dituzten hiru komedia bilduko ditu programazioak, antzezle ongi ezagunen eskutik.

· Abuztuaren 4an eta 5ean: Perfectos Desconocidos. Besteak beste, Alicia Borrachero, Elena Ballesteros eta Fernando Soto izango ditu protagonista. Zuzendaritzan, berriz, David Serrano eta Daniel Guzmán arituko dira.

· Abuztuaren 6an eta 7an, Conductas Alteradas antzezlanaren estreinaldia izango da, Ana Morgade eta Canco Rodríguezekin.

· Jaietako azken ikuskizuna, abuztuaren 8an eta 9an, Gasteizko ikusleek oso gogoko duten bakarrizketalari batek eskainiko du, Goyo Jiménezek: ‘Aiguantulivinamérica 2’.

Barrea, komedia eta dibertsioa nagusi izango diren programazioa, udako hilabeteetako eta jaietako agenda osatuko duena.

Salmenta.

Ekainaren 27tik aurrera egongo dira salgai sarrerak, ohiko lekuetan, salbu eta La Familia Addams ikuskizunerako sarrerak —dagoeneko salgai baitaude— eta Jazzaldirako sarrerak —ekainaren 11n jarriko baitira salgai—.

Ohiko salmenta-ordutegia: asteartetik larunbatera, 18:30etik 20:30era, eta ikuskizuna baino bi ordu lehenago. Jaietako salmenta-ordutegi berezia: abuztuaren 1etik 7ra, goizeko 12:00etatik 14:00etara, leihatilan.

2019ko udazkeneko programazioaren aurrerapena

1. Principal antzokiko bisitaldiak, atzera.

a. Irailaren 15ean eta 22an, Bisita historikoak: ibilbide atsegina antzokiaren ehun urteetan barrena, historia, arkitektura, gizarte eta kulturarekin lotutako alderdiak ezagutzeko.

b. Irailaren 28an eta 29an, Bisitaldi gidatuak: antzokiko txoko guztiak bisitatuko dira, bereziki publikoak ikusten ez dituen agertokiko zatiak, bertako teknikariek lagunduta, antzerkiaren magia nola sortzen den ikusteko.

Gaztelaniaz nahiz euskaraz eskainiko dira bisitaldiak, talde txikientzat, eta 3 euroko prezioa izango dute.

2. Udal Antzoki Sarearen Kultura eta Inklusioa ekimenaren VI. edizioa izango da oraingoan: irailaren 27an, Félix Petite antzokian, Lucía Mirandak zuzendutako Fiesta, Fiesta, Fiesta obra, antzerki-egilerik hoberenarentzako Max Sariko finalista, benetan mintzo zaigun antzezlana.

3. Atalak 2.0 programa, Europako bazkideen laguntzarekin garatutako sorkuntza-laborategien proiektua, zeinen helburua baita dantzaren munduko profesionalei garapen- eta sorkuntza-aukerak eskaintzea. Datorren astean emango dira xehetasun gehiago, prentsaurrekoan.

4. Azaroaren 30ean, Jaialdiaren eta Eguberrien artean, zirku-ikuskizun garaikide miragarri bat: Pals, akrobazien, dramaturgiaren eta eszenaratzearen konbinazio bikaina, kalitate eta edertasun plastiko handikoa, INAEMen Platea programaren laguntzari esker ikusi ahal izango dena.

5. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, lehenengo aldiz bisitatuko du Euskadi eta Gasteiz Jan Lawers dramaturgo handiak, Need company taldearekin, eta Isabella´s Room antzezlana eskainiko.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana