inTACTO Jaialdia: Geldialdi bat bidean

Eduki hau partekatu
  • inTACTO Jaialdia: Geldialdi bat bidean
inTACTO

  • DataApirilak 1
  • Gaia Arte eszenikoak

Zortzi urtean hiriko kultur bizitzan erreferentziazko gunea izan ondoren, inTACTO Jaialdiaren antolatzaileek jendaurrean aditzera eman nahi dute ez dutela berriro abiaraziko Gasteizko hizkuntza eszeniko berrien jaialdiaren edizio gehiagorik.

Gasteiz, 2019ko apiriliaren 1a.- 2011n sortu zen, eszena garaikidea Gasteizera hurbiltzeko asmoz.

Bada, zortzi urtean, inTACTO Jaialdiak aukera eman dio Gasteizko publikoari artista nahiz Estatuko eta nazioarteko konpainia askoren (70 baino gehiago) lanak gozatzeko. Horiek guztiek formatuen eta hizkuntzen esperimentazioan eta berrikuntzan dihardute lanean, arte bizien alorrean. Zortzi urtean, Jaialdia hazi eta hazi egin da, eta periferiatik ekinez, Estatuko agertokirik errespetatuenetako bat izatea lortu du.

2018ko edizioan, publikoaren erantzuna itzela izan da, eta horri esker, Jaialdiko hiru jardunalditatik bitan sarrerak agortu dira. Orain, inTACTOren antolatzaileek bidean geldialdi bat egingo dutela iragarri dute. Izan ere, ez dago finantza-laguntza egonkorrik eta epe luzekorik; beraz, horren ondorioz, ezin dira lortu beharrezkoak diren iraunkortasun eta bideragarritasun baldintzak. Egoera horrek eragotzita, gainera, ezinezkoa da munta handiagoko etorkizuna prestatzea jaialdiarentzat, ezta lan eta ordainsari baldintza bidezkorik bermatzea ere, ez artistentzat, ez jaialdiaren talde eragilearentzat berarentzat.

Egoerak beharturik, beraz, antolatzaileek erabaki hori hartu eta jendaurrean jakinarazi dute, honako idazki honen bitartez:

Lagunok,

Idazki honen bidez jakinarazi nahi dizuegu aurten, 2019an, ez dela inTACTO Jaialdia egingo.

Zaila izan da erabakia hartzea, eta hartu dugu, ezin izan delako behar bezalako testuingururik lortu beste edizio bat abian jartzeko, hau da, behar bezalako baldintzetan eta behar den egonkortasunarekin. Orain, denboraldi bat hasi dugu inTACTOri buruz gogoeta patxadatsuagoa egiteko, hau da, etorkizunean segitu behar ote duen eta nola hausnartzeko.

Artistek gidatutako beste proiektu asko bezala, inTACTO Jaialdia desio batetik jaio zen, larrialdiak eraginik. Izan ere, Jaialdia 2011 sortu zenean –talde txiki batek bultzatua, aurrekontu eta baliabide oso gutxirekin–, ulertu genuen beharrezkoa zela horrelako ahalegina egitea, baliabide mugatuak kudeatuta, eta premia hori epe laburrean onartu eta jorratu behar genuela, gure hirian arte bizientzako eta eszena garaikidearentzako agertoki berri bat sortze aldera. Orduan pentsatzen genuen, eta egun ere berdin pentsatzen dugu, Gasteizko artistek eta publikoak merezi dutela, eta gainera, urteen joan-etorrian ikusi dugun bezalaxe, eskaria ere badagoela.

Alabaina, hasiera hartatik bederatzi urte joan diren honetan, eta Jaialdia arian-arian hazi eta gero eta onartuagoa badago ere, ez dugu jaso oraindik agindutako sostengua, hau da, munta honetako proiektuak behar duen sostengu sendo eta epe luzerakoa, bideragarria eta iraunkorra izango bada.

Horren ondorioz, urte osoan era prekarioan aritu behar izan duen talde eragile txiki baten ahaleginari eta lan nekosoari esker iraun du inTACTO Jaialdiak. Krisialdietan edo proiektu baten hasieran (harik eta haren balioa frogatu arte) onargarriak izan daitezkeen baldintzak (ekonomikoak, nagusiki) ezin dira arau bihurtu. Arte eta kultur munduko eragile garen aldetik, lan egin behar dugu baldintza horiek eguneratu, hobetu eta optimizatzeko, eta ezin dugu segitu inposatzen horrelako prekarietate-egoerarik, ez geure buruari, ezta beste profesional batzuei ere. Jaialdiari orain arte bezala eusteak esan nahiko luke inplizituki sustatzen eta legitimatzen ditugula ekoizpen eta kudeaketa eredu jasanezinak, guztiz kaltegarriak sormenezko komunitateen etorkizunerako.

Horrelako egoeran, halaber, ezinezkoa zaigu estrategia berriak eta etorkizuneko ekimenak imajinatu eta ezartzea, gure iritziz beharrezkoak direnak eta gure garaiarekin bat datozenak, eta gure iritziz ere, artearen eta gizartearen arteko kohesio handiagoa ahalbidetuko luketenak, jaialdiak erakusleiho ideia gainditze aldera eta bitartekaritza-proiektu gisa ere jardute aldera. Eta gure testuinguruarekin dugun konpromisoak, gure komunitatea eta arteak garatzearekin dugun konpromisoak, behartzen gaitu egoera berrikustera. Izan ere, sentitzen dugu lanean ari garela proiektua itotzen duen kristalezko sabai baten aurka.

Hiri honetako publikoari zor zaio hein batean jaialdiak hain luzaro bizirik iraun izana, apartekoa baita, eta aski eta sobra erakutsi du bai ausardia, bai jakin-mina, bai berotasuna, bai eskuzabaltasuna. Gutaz gain, zortzi urtean Jaialdian aritu diren artistek ere nabaritu dute hori, eta horrelaxe jakinarazi digute.

Eskerrik asko. Zuen falta sumatuko dugu benetan. Hala ere, proiektua bertan behera utzi dugun honetan, guretzat bihotz-altxagarria da jakitea hiriak –antza– sormenezko bolada bizi duela, halako giro baikorra, gune, proiektu eta antolaketa-erakunde independenteen bidez, lan ederra egiten ari baitira hirira kalitatezko antzerkia eta dantza hurbiltzeko, bai eta etorkizuneko artistak –bertakoak– gaitzeko eta sustatzeko ere. Oso harro gaude dinamika horretako zati txiki bat osatu izanaz; espero dugu amaierarik ez izatea, eta instituzioek behar bezalako laguntza ematea, artea eta kultura merezi bezalako lekuan jartzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiogu bereziki Artium Museoko taldeari, urte sail honetan maitasunez eta laguntzaz beteriko etxe-txoko goxoa eman digutelako. Haiek gabe, ez zen jaialdirik izango. Idazki hau ere baliatu nahi dugu maitasunetik eta txukuntasunetik nahiz konfiantzatik eta ahaleginetik dihardutenei eskerrak emateko. Gure esker ona, halaber, urteen joan-etorrian lagundu diguten pertsona eta erakunde guztiei, eta bereziki, jaialdian aritu diren artista guztiei; izan ere, haien eskuzabaltasun eta lanari esker, eta haien ideia basa eta eraldatzaileei esker, honek guztiak merezi izan du.

Orain, geldialdi bat egiteko eta denbora batez pentsatzeko unea da.

Horretan arituko gara, etorkizunean berriz ere eszenara itzultzeko modua eta baldintzak aurkituko ditugulakoan.

Laster arte.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana