Jokin Oregi: "Ez da hainbeste aukeratutako gaia, baizik eta horren atzetik dagoen sentimendu bat. Hori da gure istorioen abiapuntua"

Edukia hau partekatu
  • Jokin Oregi:
    Jokin Oregi
Sarea

  • DataUrriak 24
  • Gaia Arte eszenikoak

Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako Saria jaso berri du Marie de Jongh-ek. Nola jaso duzue albistea?

Oso pozik eta esker onez jaso dugu saria. Sari potoloa da, batez ere sektoreko jendeak ematen dizulako. Gainera, ez da ikuskizun zehatz bati eman diotela, baizik eta ibilbide osoari. Gainera, saria guri ematea nola argudiatu duten oso pozgarria izan da guretzat, gizartearekiko konpromiso etengabea, estetika maila, … nabarmendu dutelako, eta horrek aurrerantzean gure buruekiko zorroztasun handiagoa jarriko digu. Lehenik eta behin Jose Guirao Espainiako Kultura ministroak deitu gintuen, eta horren ostean epaimahaikideekin banan-banan hitz egiteko aukera izan genuen.

Gainera, ez da izan ikuskizun espezifiko bategatik, baizik eta orain arte izan duzuen ibilbideagatik. Horrek ilusio gehiago egiten dizue?

Sariak beti dira ongi etorriak, baina hau bereziki bultzada bat izan da. Gainera, lehen esan bezala, exijentzia maila zorroztu egiten dizu eta gure buruari esaten diogu: ‘hau aurrera doa’, beraz erantzunkinzun bat eskatzen digu. Beti izan gara gurekiko zorrotzak, baina denboraz are zorrotzagoak gara, hasieran ikasten genbiltzalako, baina urteak aurrera joan ahala eta gehiago ikasi dugun heinean, konturatu garelako hutsuneak ditugula eta horiek konpontzen saiatu izan garelako. Eta horretan ari gara eta horretan jarraituko dugu.

Nola deskribatuko zenuke zuen ibilbidea hitz gutxitan?

Ana Meabe eta biok osatzen dugu Marie de Jongh konpainia, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Konpainia sortu genuenean urte mordoa generamatzan batera, eta bageneukan antzerkiarenganako ikuspegi beretsua. Istorioak kontatzeko nahia geneukan, eta horretan ari gara oraindik ere. Laburpen modura, esango nuke gure ibilbidea dela istorio onak kontatu nahi dituen bikote baten istorioa.

Batzuetan zailak izan ohi diren gaiak lantzen dituzue eta umeei helarazten diezue modu sentikorrean. Nolako harrera izaten dute normalean?

Gu ez gara ibiltzen gai zailak harrapatu nahiean. Egia da batzuetan esan izan digutela gai zailak tratatu ditugula, baina obra bakoitzean gai ezberdinak tratatzen ditugu. Guk beti ekin izan diogu lan berri bati istorio batek emozionatzen gaituenean, adibidez, gure lehen obrarekin, non gainontzeko umeekin oso gaiztoa eta petrala den neskatila txiki batek bereganako maitasun falta isladatzen duen. Pentsamendu horrek hunkitzen nau, ez gaiak bere horretan, eta badakit hor badagoela istorio bat. Azken obra, ‘Izar’, hunkitu gaituen beste istorio batetik abiatu genuen. Ez da hainbeste gaia, baizik eta horren atzetik dagoen sentimendu bat. Hori da guretzat abiapuntua, eta inguruan milaka istorio interesgarri daude.

Zein egoeratan dago antzerkigintza Euskal Herrian?

Bat nator gehiengoak pentsatzen duenarekin, azken boladan konturatzen ari garelako oso momentu garrantzitsu bat bizitzen ari garela sektore modura. Potentzial izugarria daukagu, baina uste dut oraindik ez garela ohartu daukagun aukera guztietaz. Kalitate handiko gauzak egiten ari gara, baina bide beretik jarraitu behar dugu, eta erronka beti izan behar da hobetzea eta ez gure buruekiko txalo egiten egotea. Pozik egon behar dugu baina ezin dugu zorroztasun maila bertan behera utzi. Gutxi gora behera ikusi dugu zein izan behar den bidea, beraz jarraitu dezagun bertatik, gure sektorea sustatuz.

Aurrera begira, ze proiektutan zabiltzate lanean?

Normalean, bi urtean behin obra berri bat aurkezten dugu, , hori jarri baikenuen mugarritzat. Dena den, azken obrak indartsu daude, eta beste obra bat ateraz gero, gure burua saturatuko genuke. Hori dela eta, 2019ko amaierarako formatu txikiko obra bat lantzen gabiltza, zeinetan hitza erabiliko dugun lehen aldiz. 2020ko bukaerarako, berriz, orain arte egin izan ditugun antzezlanen antzeko formatu handiago bat lantzen gabiltza, ‘Ama’ izena izango duena.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana