21 konpainia, horien artean nazioarteko zenbait artista, eta euskal eszenan erreferente diren konpainiak egongo dira BAD jaialdiaren, XX. edizioan

Edukia hau partekatu
  • 21 konpainia, horien artean nazioarteko zenbait artista,  eta euskal eszenan erreferente diren konpainiak egongo dira BAD jaialdiaren, XX. edizioan

  • DataUrriak 9
  • Gaia Arte eszenikoak

Bilboko Udalak antolatutako BADen hogeigarren edizioak jada ohikoak diren La FuNdicIOn, Campos Antzokia, Pabellón 6, BilbaoArte, Errekalde Aretoa eta Bulegoa Z/B agertokiak hartuko ditu. Jaialdiak, erabateko estreinaldia izango diren hamar ikuskizun eta Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango diren lau pieza eskainiko ditu.

BADek lau ekoizpen propio aurkeztuko ditu –baten bat beste jaialdi batzuekin batera edo Europa barruko lankidetzarako Pyrenart programaren barruan ekoiztutakoa– Organik Dantza – Antzerkiren, Baro D´Evel konpainia frantsesaren, Bárbara Bañuelosen eta Juan Domínguezen lanak, hain zuzen ere.

Jaialdiko informazio bulegoak BIHAR irekiko ditu ateak Errekalde Aretoan. Ordutegiei, prezioei, sarrerak eskuratzeko moduari eta egitarau osoari buruzko informazio gehiago www.balbilbao.eus webgunean.

Euskal sorkuntzaren eta nazioarteko konpainien presentzia azpimarragarriaren arteko kalitatezko programazio garaikidea eta orekatua izango da, Bilboko Udalak antolatzen duen BADen – Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hurrengo edizioaren ezaugarri nagusia. Hilabete honetako 17tik 28ra izango da, eta berriro ere bete egingo ditu dagoeneko ohikoak eta Bilboko eszena berriaren erreferente diren La FuNdicIOn, Campos Antzokia eta Pabellón 6, eta baita beste espazio alternatibo batzuk ere, BilbaoArte, Errekalde Aretoa eta Bulegoa Z/B.

BADen – Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren XX. edizioaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura Zinegotzia eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendaria bertan zirela.

BADen hurrengo ediziorako aukeratu diren 21 konpainien artetik ia erdia euskal eszena berrian sar daitezkeen eta dantzaren eta dramaturgia berrien alorretan batez ere lan egiten duten artistak dira. Horrela, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza, Allue Danza, Organik, Mama Crea, Eva Guerrero – Doos Colectivo, You & Me, Macarena Recuerda, Carla Fernández eta Inés Bermejo eta Mursegok euren azken lanak aurkeztuko dituzte. Gehienek eskainiko dituzten ikuskizunak jaialdian estreinatuko dira.

Horrez gain, BADen programazioak estatu mailako lau estreinaldi jasotzen ditu, eta puntu honetan nazioartean erreferentziazkoak diren zenbait figura azpimarratu behar dira: horien artean daude “Tutuguri” izeneko soinu-dantza pieza aurkeztuko duen Flora Detraz, edo Parisen bizi den Sorour Darabi artista iraniarra; 2016an sortutako “Farci.e” ikuskizuna, lengoaia, genero identitatea eta sexualitatea, besteak beste lantzen dituen bakarkako dantza ikuskizuna da, eta bertan, generorik gabeko ama hizkuntza, farsia, duen, eta dena maskulinoa eta femeninoa den mundura eta hizkuntzara, frantsesera, egokitu behar den artista autodidakta baten talka erakusten du. Aurreko lanarekin ACT Jaialdiaren aurreko edizioan saritua izan zen Unplush konpainia suitzarraren “Flipper” lana ere estatuko estreinaldia izango da. Jatorria filmeko izurde ezagunean duen dantza, antzerki eta ikus-entzunezko pieza, Kathy izeneko izurde emea protagonista izanda. Hiru ikuskizun horiek La FuNdicIOn aretoan ikusi ahal izango dira, urriaren 20an, 21ean eta 26an.

Azkenengo estreinaldia Pabellón 6 aretora helduko da, urriaren 26an, Italiako MOTUS konpainiaren “MDLSX”. Konpainia horren lanen ezaugarria eragin fisiko eta emozional handiko lanak direla da, gaur egungo kontraesan gogorrenetako batzuk erretratatuz. “MDLSX”, ikus-entzule helduei zuzendutako performance antzerki lana da, oso eszenan jartze indartsuarekin, etorkizuneko askatasunaren, genero identitatearen, desberdina izateko askatasunaren aldeko ereserkia, DJ / Vj set-like formatuarekin egindakoa. Lan horretan, Silvia Calderoni performerrak, Jeffrey Eugenides Pulitzer saridunarengan inspiratutako genero eta identitate gogoeta egiten du. Eugenidesen lanak pieza hori protagonista bakarrarekin, Calderonirekin, sortzera bultzatu zuen konpainia. Bertan, dantza, performancea eta antzezpena uztartzen dira, Los Smiths taldearen eta beste batzuen musikak markatutako erritmoan.

Nazioarteko eremuan beste izen batzuk ere azpimarratu behar dira: Arkadi Zaides koreografoa eta bere “Archive” ikuskizuna, bakarkako dantza lana, mundu osoko jaialdietan parte hartu duen eta Israelen kritikak eragin dituena, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren azterketa artistikoa proposatzen baitu. Azken lan horretan dantza eta urte luzez Cámara B´Tselem Proiektuko boluntarioek grabatutako indarkeria irudiak nahasten dira. Lan hori egiteko Zaidesek 4.500 bideo ordu aztertu zituen, eta keinu horietatik guztietatik, soinu guturalez lagunduta, geopolitika gainditu eta gorroto eta indarkeria keinuen katalogo unibertsal bilakatu nahi duten esaldi koreografikoak bihurtzen dituen gorputz hiztegia sortzen du. Arkadi Zaidesek Campos Antzokiko eszenatoki nagusia hartuko du urriaren 24an.

EUSKAL ESZENA
Beste behin, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak – BADek, aurrera jarraituko du euskal sorkuntzaren aldeko apustuarekin, hamar konpainia programatuz, eta horietatik erdiak jaialdian bertan estreinatuko dituzte euren azken lanak. Proposamen horietako bi, sorkuntza eszenikoari laguntzeko “Artistak Egoitzan” udal programaren barruan aukeratu zirenak dira. Isaak Erdoizaren Proyecto MASA, eta KANPAI, Natalia de Miguel & Jorge Jaureguiren “Sayonara Baby” proiektuak dira.

Abadiñoko Isaak Erdoiza dantzari eta koreografoaren MASA, abiapuntu gisa gizonaren gorputzak duen karga sinbolikoa hartzen duen pieza eszenikoa da eta, irudikapenen eta imajinarioen elementu gisa bertan zentratuz, gorputz komunaren eraikuntza proposatzen du, norbanakoa fagozitatu eta gorputzetik haraindi eramaten gaituen paisaia sailkaezinaren parte bilakatzen den masa, materiara garamatzan bidaia.

Aukeratutako bigarren proposamena ere dantza garaikidekoa da, KANPAI, Natalia de Miguel & Jorge Jaureguiren “Sayonara Baby”. “Sayonara Baby” jatetxe asiarra da, eta pertsonaia anitzak eta aldakorrak elkarrekintzan arituko dira, egoera absurdua eta delirantea sortuz. Galdutako arimak, inon lekurik ez dutenak, euren lekua aurkitzen ez duten pertsonak… erakusten ditu. Natalia de Miguelen eta Jorge Jaureguiren lehentasuna, mugimenduaren bitartez ideiak, sentsazioak eta sentimenduak komunikatzea da, ikusleekin maila emozionalean konektatuz.

Bertako proposamenen artean, Ainara Legardónen zuzeneko musika duen Eva Guerreroren “El fin de las cosas” dantza garaikide pieza azpimarratu behar da. Lan hori, kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen eta Bilboko Udalaren partaidetza duen Karrikan plataformaren lehenengo laguntza deialdiaren irabazlea izan zen. Oraingo honetan, ikus-entzuleek piezaren aretorako bertsioaz gozatu ahal izango dute. Nahiko desberdinak eta bereziak diren eta Mama Crearen eta Mursegoren eskutik datozen beste bi proposamen ere nabarmendu behar dira.

Eibarko Mursego e Ibon RG taldeak “100% Oion”, aurkeztuko du, Oionen, bertako biztanleen arteko bizikidetza hobetzeari buruzkoa, herriko estereotipo faltsuak eta esamesak apurtzeko xedez, partaidetzan oinarrituta aurrera eraman den proiektuaren emaitza. Ongi etorria emateko abestu, desilusioari ahotsa emateko abestu, esamesak urruntzeko abestu, ospatzeko abestu, dantza eginez abestu. Kontzertua larunbatean, urriaren 27an, izango da Pabellón 6 aretoan.

Mama Creak, bere aldetik, esperientzia eszenikoa proposatuko du Pabellón 6 aretoan, 15 minutuz behingo emanaldiekin, oso ikus-entzule gutxiri zuzenduta. “Poesía a la carta” soinuz, usainez eta ehunduraz betetako esperientzia eszenikoa da, zentzumenen lengoaiaren bitartez poesiara hurbiltzeko. Esperientzia horrekin batera, beren beregi proiekturako diseinatu den postrea dastatuko da. Ikuskizunerako leku kopurua 4 pertsonara mugatuta dagoenez, ezinbestekoa izango da plaza erreserbatzea info@mamacrea.com helbidearen bitartez, eta sarrera (3 euro) txarteldegian jaso ahal izango da ikuskizunaren egunean bertan.

EKOIZPEN PROPIOA
Artistak Egoitzan programaren barruan BilbaoEszenaren laguntzarekin aurrera eraman diren bi proiektuez gain, beste urte batez, BADek ekoizpen propioa bultzatzeko apustua egin du, lau lanen ekoizpenean parte hartuz. Horrela, gainera, BADen hurrengo edizioak, Pyrenarten, BADen partaidetza duen arte eszenikoen arloko Europako mugaz gaindiko lankidetza programaren, barruan ekoiztutako bi ikuskizun programatu ditu. Bat, Organik Dantza – Antzerki taldearen azken lana da, “Sareak” dantza pieza, arrantzarako sareak konpontzen zituzten emakumeen lanaren fisikotasunean zentratutako lana. Bestea Baro D´evel dantza eta zirku konpainia frantses ezagunaren ikuskizuna da. Ikuskizun horrek emango dio amaiera BADen aurtengo edizioari, urriaren 28an, 20:00etan, Pabellón 6 aretoan.

Beste bi ekoizpenen emaitzei dagokienez, lehenengoa ikerketa pertsonal eta sozialeko Bárbara Bañuelosen “Mi padre no era un famoso escritor ruso” dokumental eszenikoa, buruaren eta gorputzaren osasunari buruzko gogoeta da, eta bigarrena diziplina anitzetan aritzen den Juan Domínguez artistaren “My Only Memory” performancea.

Ohikoa denez, jaialdiak irauten dituen egunetan arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako zenbait jarduera berezi egingo dira. Urriaren 19an, San Frantziskoko Udaltegian, Sandra Gómezek –Cricula 2018 Saria– bi ordu t’erdiko ‘Heartbeat’ tailerra eskainiko du; bigarren partean, adierazpenerako gaitasuna zabaltzera eta mugimenduaren gorputz, denbora eta espazio kontzientzia garatzera zuzendutako jarraibideak eta tresnak proposatuko dira. Bigarren parteak denbora jakin batean dantza egiteko ariketa proposatuko du, gorputzaren denbora, espazio eta energia mugak bilatuz. Tailerrak 5 euro balioko ditu, eta urriaren 19tik aurrera eman ahal izango da izena, BADen webgunearen bitartez. Dantza garaikidean oso prestakuntza zabala duen Sandra Gómez, gorputzean eta mugimenduan zentratutako proiektuetan ari da lanean 2012tik

ATAErekin, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin, lankidetzan antolatu den bigarren ikastaroa egun berean izango da, urriaren 19an, Burtsako udaltegian, eta errealitate handituan eta horrek arte eszenikoetan duen aplikazioan adituak diren zenbait pertsonak hartuko dute parte. Oraingo honetan prestakuntza doakoa izango da, baina izena emateko datu pertsonalak (izena eta abizenak, helbide osoa, telefonoa eta e-maila) bidali beharko dira info@atae.org helbidera, eta 5 euroko fidantza ordaindu. Azkenean euren lekua betetzen duten partaideei zenbateko hori osorik itzuliko zaie. Irailaren 19tik aurrera eman ahal izango da izena.

SARRERAK
Jaialdirako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian –5 euro Pabellón 6ko eta Bulegoa Z/Bko emanaldietarako–. Sarrerak jaialdiaren webgunearen bitartez, txarteldegietan eta espazio batzuetako webguneetan eskuratu ahal izango dira, eta baita Errekalde Aretoan egongo den, eta ateak bihar, urriaren 10ean, zabalduko dituen BADen informazio bulegoan ere. Ohikoa denez, doako zenbait jarduera programatu dira BilbaoArten eta Errekalde Aretoan.

INFORMAZIOA: www.badbilbao.eus

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana